Zumaiako itsasadarraz aldizkari zientifiko batean

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2022ko api. 14a, 07:41

Estuarioetako paisaia kulturalak ikertzen aritu da Josu Narbarte historialaria, eta euskal kostako polderrei buruzko artikulua argitaratu berria du, beste hiru kiderekin batera, Journal of Wetland Archaeology aldizkari zientifikoan, ingelesez. 

Urdaibai, Bidasoa, Oria eta Urolaren itsasadarrak aztertu dituzte lan horretan. Urolaren ertzeko basadiei eta erriberei buruzko azalpenak emanak dizkigu lehen ere webgune honetan bertan. Zundaketa geoarkeologikoak ere egin zituzten, eta emaitzak analizatzen ari dira orain.
 
Artikuluaren laburpena:
Normalean urpean egoten diren gainazalak drainatuz sortutako lur berriei polder deitu ohi zaie. Euskaraz, erribera eta basadi hitzak ere ohikoak dira. Ikerketa-lan honetan, euskal kostako estuarioen bilakaera historikoan polderren eraikuntzak izan duen garrantzia aztertu da, Aro Berrian (XVI.-XIX. mendeen artean) bereziki. Horretarako, iturri dokumentalak, kartografia historikoa eta egungo lurzoruen egoera aztertu dira.
 
Lortutako emaitzek erakusten dutenez, polderren eraikuntzak garrantzia handia izan du estuario hauetako gizarteen bilakaera historikoan, Europako beste hainbat eskualdetan (Frantzian, Ingalaterran edota Herbehereetan) ezaguna den joerari jarraikiz. Prozesu honen ondorio sozialak, ekonomikoak eta ekologikoak handiak izan ziren, ezinbestekoak estuarioen egungo egoera ulertzeko. Gainera, eraldaketa horien aztarna materialak ugariak dira egungo paisaian: lubakiak, kanalizazioak, drainatze-zangak eta abar. Hortaz, esan daiteke euskal kostako estuarioek paisaia antropizatuak eratzen dituztela.


Osorik eskuratu nahi izanez gero, idatzi egileari: jnarbarte@aranzadi.eus

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide