Komunikabideek ez ezik administrazioek ere askotan erabiltzen dituzte kostaldeko izenak. Zoritxarrez, guztiek ez dituzte molde berean ematen; mapetan, turismo gidetan eta antzekoetan bakoitzak bere irizpideen arabera erabiltzen ditu kostaldeko izenak. Horregatik, ezinbestekoa da toki izenen era zuzen eta bateratuak ezagutzea denok berdin erabil ditzagun.
Entitate geografiko ugari ditu euskal itsasbazterrak: haitzak, hondartzak, lurmuturrak, senadiak... Halakoak izendatzeko leku izenetako batzuk mapa zehatzetan baino ez dira ageri; beste batzuk, berriz, izaera nagusikoak dira, mapa orokorretan agertzeko modukoak. Gehienbat, azken multzo horretako izenak hautatu dituzte arau honetan. Batez ere, izaera naturaleko elementuak dira, baina itsasoko bizimoduari lotutako lekuak ere aukeratu dituzte, esate baterako, itsasargiak eta portuak jasota daude.
PDFko fitxategi batean jasota eta eskura dago 199. araua, eta hiru modutara eskaintzen dute informazioa:
- Mendebaldetik ekialdera, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko izenak (mapa eta guzti)
- Izen guztiak alfabetikoki.
- Izaera edo entitate geografikoen arabera ordenatuta.
Surfeko tokiak izendatzeko orduan, istripuak non gertatu diren zehatz adierazi nahi dugunean edo non gabiltzan esateko ere berdin, erabil ditzagun izenak ondo!