Bagatxiaztink zumaiarrak!

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia

Appa hi! aplikazioaren Zumaiako bertsioaren aurkezpeneko irudia. (Juan Luis Romatet)

Xabier Azkue Zumaiako Udaleko Euskara teknikariak Euskaraldiaren harira maiatzeko Zumaia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Urte berezia da aurtengo hau, 25 urte direlako nire Hitanoa Zumaian liburua argitaratu zuela Zumaiako Udalak. 1997an egin zuen hitanoa ikertzeko beka deialdia, beste inon baino lehenago, Belen Golmaioren ekimenez. Aditz taulak osatzeaz gain, beste datu asko jaso nituen, eta ondorio nagusia izan zen transmisioan eten bat egon zela, hika bazekiten guraso askok ez zietela seme-alabei hala egiten.

2010ean berriz ere aitzindari jokatu zuen udalak, ikastetxeetan hitanoa lantzeko unitate didaktikoak sortu zituelako. Horri esker, ehunka neska-mutilek hitanoari buruzko kontuak ikasteko aukera izan zuten. Non ikasi dute, ordea, gazteek hika? Seguruena gutxik etxean, eta horren adibide bat emango dizuet, duela gutxi lagun batek esandakoa: semeari "Geo kalea giztek!", entzuten diola kuadrillakoekin ari denean. Lagun horrek "guaztik" esaten du, eta azaldu nion hemen beste forma bat ibili izan dela gehienbat: "gatxiaztik". Mutil gazteak adizkiak asmatzen, eta ni pozik, hala ere, gazte horiek euskaraz ari direlako, eta hika, gainera!

Ikerketan asko aurreratu da azken urteotan, eta bestelako ikuspegiak ere aztertzen dira orain; esaterako, hika aritzeak eta generoak duten lotura. Azpimarratzekoa da iaz Irantzu Epelde Zendoia zumaiarrak argitaratutako liburua, Xuka eta noka, Ipar eta Hego, hemengo forma batzuk ere bildu zituena. Hitanoak nolabaiteko loraldia bizi du: egitasmo bereziak sortu dira herrietan, liburuxkak eta orriak argitaratu dituzte, bertso saio bereziak antolatu, topaketak, noka ikastaroak (Zumaian Emakumeon Etxeak) eta hika egiten ikasteko aplikazio bereziak landu ere bai! Oñatirako egin zuen lehenbizikoa Badihardugu elkarteak, 2021ean, batukoa 2022an, beste herri batzuetakoak gero, eta aurten Zumaiari iritsi zaio txanda, udalak apustu hori egitea erabaki zuelako.

Buruhausteren bat ere bai hasieran, baina gero poz ederra eman dit lan horrek; lehen egindako lana gizarteratzen laguntzen duelako, eta euskarria egokia delako gazteengana iristeko ere. Martxoaren 20an aurkeztu genuenetik, 120 zumaiar baino gehiago ari zarete hitanoa praktikatzen! Planteamendua da egunero ataltxo bat lantzea, eta bost asteko epean oinarri on bat jasotzea. Azalpenak eta taulak bakarrik ez, irudi lagungarriak ere badaude, herritarren bideoak, ariketak, lehiaketak antolatzeko aukera...

Aurten beste albiste on bat Euskaraldiarekin batera iritsi zaigu: 80 herri baino gehiagotan, H batzuk jarriko dira txapa askotan, eta "niri egin hika lasai" mezua zabalduko da. Maiatzaren 15etik 25era bitartean aspaldiko gehien entzungo dugu hika, beraz. Horren lagungarri, zenbait jarduera ere antolatu dira Zumaian: Josefran Izpizuarekin saio bat maiatzaren 10ean, Hikadromoa hilaren 16an eta noka egiteko triki-poteoa maiatzaren 23an.

Hitanoak gertutasuna ematen du, eta geure hizkera indartu. Arau batzuk errespetatu behar dira, emakumeei toka ez egitea, adibidez; hortxe daukazue aplikazioa eskura, kontu horiek ikasteko edo errepasatzeko. Teknologia berriekin moldatzen ez bazarete, berriz, zatozte udaletxera eta Hitanoa Zumaian liburua opari emango dizuegu Euskara Zerbitzuan.

25. urteurreneko oparia, niretzat, zumaiarrak gai honen inguruan mugimenduan ikustea izan da. Bagatxiaztink!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide