GAKOAK 02 | Azken mendeko euskararen historia

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia

Zein izan da euskararen bilakaera azken mendean? Galdera horri erantzuten hasteko haurrek etxean jaso dute hizkuntza aztertuko dugu. Ea gero eta gehiagok ala gutxiagok jaso duten euskara. Zer diote datuek? 

Euskaraldiak irauten duen bitartean, UEMAk eta Hamaika Telebistak landutako bideo labur batzuk aurkeztuko dizkizuet, egunean bat.

XX. mendean euskara indarra galtzen joan da Euskal Herriko etxeetan. Zergatik? Bi arrazoi nagusi:

Batetik, beste herrialdeetatik gurera etorritako milaka lagunen eraginagatik.

Bestetik, mendetako zapalketaren eta bazterketaren ondorioz, familia euskaldun askok seme-alabei euskara ez erakustea erabakitzeagatik.

Galera fase horretan, bada salbuespen aldi bat, gerra aurrean: Pizkundea; gerra aurreko mugimendu abertzaleak eta euskaltzaleak eraginda, galera-prozesua eten egin zen.

Baina espainiar faxistek 1936ko gerra irabazteak atzerakada argia ekarri zuen: euskaltzaleak fusilatu eta hil egin zituzten, euskararen aldeko erakundeak legez kanporatu, eta euskaldunen aurkako isunak, debekuak eta jazarpenak areagotu. Urte askoan. Frankismoak galera handia ekarri zion euskarari. Euskara galbidera zeraman joera hori errotik aldatu zen 1960ko hamarraldian.

Euskara batua, ikastolak, gau eskolak, euskal kantagintza berria eta beste ekimen asko sortzen eta hedatzen joan ziren. Horrekin batera gurasoek etxean gero eta gehiago aukeratu zuten euskara. Baita euskaldunak ez ziren guraso askok ere: seme-alabak euskarazko eskola ereduetan matrikulatu zituzten.

Indarberritze fase horrek XX. mendea bukatu arte jarraitu zuen. Hasieran, frankismo garaian, ekimen herrikoien bultzadari esker, eta gero, 80ko hamarkadatik aurrera, baita erakunde autonomikoen laguntzarekin ere. Indarberritze-aroa sendo garatu zen XX. mendeak iraun bitartean, baina moteltzen hasi zen XXI. mendean sartzearekin batera. Azken 20 urteetako datuetan ikus daiteke, 1960tik aurrera izandako hobekuntza edo hazkundea moteltzen ari dela, eta zenbait arlotan atzera egiten hasia dagoela.

Zertan gara ba? Indarberritzea gelditu egin da eta ez aurrera ez atzera gaude azken urteotan, bidegurutzean.

Iñaki Iurrebasoren azalpen luzeagoa entzun nahi baduzu, hementxe atal honi dagokiona: GAKOAK ALETUZ 02

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide