Zumaia herri arrantzalea ez dela esan izan da. Eta Oriorekin edo Getariarekin alderatuta, akaso hala izango zen. Baina bere garaian arrantza-ontziak amarratuta egoten ziren Zumaiako portuan, eta arrantzaleen kofradiak ere lana ederki egiten zuen. Arrain kaxak Estalapetik hurbil jarri, eta Kofradiako salmenta gelan egiten zituzten tratuak. Zumaiako ontziek, Zumaiako arrantzaleek hartutako arraina jaten zuten bere garaian Zumaiako etxeetan.
Jarduera ekonomiko hark gainbehera izan zuen, eta XX. mende amaierarako arrantza-ontzi bakarrak segitzen zuen Zumaian, Glorioso San Telmo ontziak hain zuzen. Hura ere XXI. mende hasieran hondoratu zuten. Kofradia, gaur egun, beste kontu batzuetarako erabiltzen dute, eta salmenta gela, behin tresneria berriztatuta, bisita gidatuetarako zabaltzen dute esaterako.
Baina, Zumaiako Fototekan gordetzen den 1966ko argazki honek frogatzen duen bezala, izan ziren arrantza-ontziak Zumaian. Arroaerrekak eta Urolak bat egiten duten lekuan amarratuta agertzen dira arrantza-ontziak eta zamaontziak ere. Ikuspegi dotorea erakusten zuen garai hartan errioak.
Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.