Iñaki Basterretxea: "Ez ditzagun Txekian bilatu gurean falta diren euskaldunak"

Baleike 2013ko abenduaren 5a

[/caption]

Iñaki Basterretxeak irabazi du aurtengo Julene Azpeitia Saria, Seca e Salgada ipuinarekin. Angel Gallorentzat izan da bigarren saria (Galduta) eta Leire Aranoren More edo... ipuina izan da Zumaiako onena –www.zumaia.net/juleneazpeitia–. Saria jasotzean Iñaki Basterretxeak irakurri zuen testua ekarri dugu, bere baimenarekin. Ea zer iruditzen zaizuen.

Plzen hiri hotza da urritik aurrera. Txekiar Errepublikako beste txoko guztiak ere hala omen dira, baina Plzen ez bezala, besteak ez ditut azken urte honetan lau aldiz bisitatu. Ondo zaindutako alde zaharra, Txanpions Ligean diharduen futbol talde bat, %5era iristen ez den langabezi tasa, eta batez ere Plzener deritzan garagardo ezagun bat dira hiriaren abizenak atzerrian. 2015ean Europako kultur hiriburua izango da, Donostiari testigua emango dio beraz 2016an.

Ez da kultura ordea, ni Plzena bi hilabeterik behin eramaten nauena. Hegazkinentzako erreaktoreen negozioan, hornitzaile eta bezeroei segika iristen naiz ni Plzengo fabriketara. Ingeniarion lanak gutxi du erromantikotik.

Hala ere badut gaur, euskararen egun honetan, Plzenekin, edo hobeto esanda Plzendar batekin gogoratzeko arrazoirik, eguneroko lan teknikotik haratago. Ez dakit Norbert Tauer esanda inor akordatuko den.

Norbert Tauer Plzenen jaio zen 1898an. Nazio Arteko Merkataritza ikasketak bukatu ondoren, diplomatiko lanetan ibili zen Madrilen gerra aurreko urteetan. Batek daki nola ezagutu zuen euskara internetik gabeko Espainia hartan, eta auskalo zerk eraman zuen gure hizkuntzaz maitemindu eta denbora gutxian menderatzera. 1928an idatzi zuen lehen artikulua euskara hutsean garaiko argia aldizkarian.

Txekia urrunetik bere euskara hobetzeko asmoz, mila gutundik gora, bai milatik gora! idatzi omen zizkien euskal herrian egindako hainbat lagunei, hauetako bat Julene Azpeitia bera. Sari bat ere jaso zuen, urte baten buruan euskaraz karta gehien idaztzi zituen pertsonari emandako saria hain zuzen. Egia aitortzen badizuet ez dakit zer iruditzen zaidan surrealistagoa, irabazlea Txekiarra izatea, edo lehiaketa bera. Ez niri galdetu nola epai daiteken horrelakorik. Dena den, gogoeta baterako balio izan dit bitxikeria honek: noizko idatziko ote ditut nik 1000 karta, 1000 testu, 1000 email edo 1000 whatsapp euskaraz.

Euskaltzain urgazle izendatu zuten Tauer jauna 1955ean, eta euskaltzain ohorezko 1973an. Bereak dira garaiari lotuta ulertu beharreko hitz hauek:

"Ogei urtedun gazte bat izanik Euskalerrira lenengoz etorri nintzanean, euskal abenda garbi eta sendoak eta Euskalerriaren oitura jatorrek eta kanta ederrek txoratu ninduten. Abenda arrigarri onen hizkuntza ederra ikasteko asmoa arturik, Baionako liburutegi batean euskerazko liburu batzuk erosi nituen. Eta etxeratu ondoren, kemen aundiarekin ikasten eta euskerazko liburu berriak erosten asi nintzan. Orain nere euzko-liburutegian eundaka zenbaki daukadaz. Onela piztu zitzaidan euskaldunenganako maitasuna. Atzerritar askok bezela, baita biotz-biotzez eta barren-barrendik euskera goxo eta eztitsua maitatzen dut".

Abengaz edo arrazaz ari denean komunitate linguistikoaz ari dela ulertuz, egokia iruditu zait euskararen egun honetan hitzokin Norbert Tauer gogoratzea. Ez oker ulertu, ez naiz ni bereziki pozten den horietakoa, atzerriko lurraldetan erromantikoren batek gure hizkuntza ikasten duelako. Onartzen dut behar bada gertukoago sentitzen dudala Tauer jauna geografikoki askoz hurbilago dauden beste asko baino, baina hala izanda ere ez dut atzerrian gure hizkuntza irakasten alferrikako izerdirik bota behar denik uste. Ez da gurea hizkuntza polinizatzailea, hizkuntza polinizatua baizik eta etxean ere badago nork ikasia eta nori irakatsia, Julenek ondo zekien moduan.

Hala nahi bada, balio beza Tauer jaunaren ereduak, ergatiboarekin borrokan dabilen euskaldun berri horren iparrorratza izateko. Balio beza baita ere, "yo ni lo intento porque es tan difícil" esanda, beraien nagikeria zuritzen duten beste horiek lotsatzeko. Baina kontuz euskaradun garenokin. Kontuz ez baitugu Durangoko azokatik bueltan askorik behar izaten, urrutiko intxaurrak zenbatzen hasi eta etxekoen kontua galtzeko. Garbi esanda, Uniberity of New Yorken euskarazko katedrarekin baino, saia gaitezen Gasteizko dendetan, Zamudioko teknologia parkean edo Zumaiako etorkin taldeetan geure hizkuntzaren gutxiengoak bermatzen. Ez ditzagun Txekian bilatu gurean falta direnak.

Besterik gabe eta gehiegi aspertu ez zaituztedalakoan, eskerrik asko eta gabon pasa, edo Tauer jaunari berea bueltatzekotan esan beharko nukeen moduan: "moch děkuji a dobrou noch".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide