Thibirineko abadian gertatutako sarraskiari buruzko komikia aurkeztu du Larburuk

Baleike 2014ko ekainaren 26a

[/caption]

40 urte egin zituen Aljerian Miguel Mari Larburu aita zuriak. Astelehenean Alondegian aurkeztu zuen komikiak 1996an Thibirineko abadian gertatutako sarraskia kontatzen du. Bera Aljerian zegoen orduan, eta bertatik bertara bizi izan zituen egun haiek.

Urte hartan giroa oso nahasia zegoen Aljerian. Islamistek herrialde hartan egindako sarraskiak mundu osoko komunikabideetan jasotzen ziren. Thibirineko abadian gertatutakoak, baina, isla berezia izan zuen. 1938tik Atlas mendietan kokatuta zegoen abadia hartan sartu ziren islamistak eta bertan zeuden monjeak bahitu eta hil egin zituzten: zazpi, denera. Bakarra atera zen bizirik.

Gertaera hori oinarri harturik, 2010ean Xavier Beauvois frantziarrak zuzendutako Des hommes et des dieux –De dioses y de hombres izenburuarekin eman zen hemen– pelikula estreinatu zen. Film luzea eta gogorra. Canneseko epaimahaiaren sari nagusia irabazi zuen urte hartan. Geroago, izen bereko komikia aurkeztu zuten Dominique Bar, Gaétan Evrard eta Géraldine Gilles belgikarrek. Hain zuzen, komikiaren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak aurkeztu ditu Larburuk aste honetan.

Zazpi monjeen bahiketa eta hilketa

Atlas mendietan kokatzen da Thibirineko abadia. Inguruko biztanleek kooperatibetan egiten zuten lan, eta monasterioko monjeek ere herritarrekin bat egiten zuten ekintza horietan, askoren harridurarentzako. Herrira hurbiltzen hasi ziren sozialki, lanbidez, ideologikoki. Islamismoak eta kristautasunak elkar ulertzeko bidean.

Baina, bat-batean, Gabon Gauean bisita bat jaso zuten monasterioan. GIAko islamistak zirela esanez, eta hiru baldintza onartzea eskatu zieten: Anaia Lucas beraiekin ematea, mendian zeuden zaurituak berak sendatzea eta dirua ematea. Christian izeneko monjeak esan zien Anaia Lucas gaixorik zegoela eta ezin zuela handik atera, orduan zaurituak ekartzeko monasteriora eta bertan sendatuko zituela. Dirua ez zutela ere esan zion.

Martxoaren 22an, talde batek berriro ere bisita egin zuen Thibirineko abadiara. GIA zela aipatu izan da, baina ez dago garbi. Oso talde infiltratua zen, eta zazpi monjeak hartu eta bahitu egin zituzten. “Bi hilabetez egon ziren bahituta, eta maiatzean jakin genuen hil egin zituztela. Nork akabatu zituen? Gaur arte, ez da jakin” azaldu du Larburuk.

Gorputzak ez ziren sekula azaldu, buruak bakarrik. “Ospitale militarrera ekarri zituzten buruak, zazpi kaxatan. Lurrez beterik zeuden, pisua egiteko. Han zegoen argentinar batek esan zuen kaxak irekitzeko. Hor ikusi zuten soilik buruak zeudela. Inork ez zuen autopsiarik egin”.

Euskaraz eta gazteleraz

Komikia jatorrian frantsesez idatzita dago, baina Larburuk euskarazko eta gaztelerazko edizioa kaleratzea ahalbidetu du. “Belgikan nengoela, komiki honek euskarazko eta gaztelerazko edizioa behar zuela bururatu zitzaidan. Hala, fundazio batzuen laguntza bilatu nuen itzulpena eta argitalpena egiteko”, azaldu du.

Guztira, 1.300 komiki kaleratu dira bi hizkuntzetan. Euskaraz, 400 eta gazteleraz, 900. Euskarazko itzulpena Andre Arantzazu Azpillaga azpeitiarrak eginikoa da. Elkar dendetan aurkitu daiteke salgai, eta bestela, hitzaldiak ematera joaten den tokietan ere saltzen jartzen du. “Nire helburua ez da dirua ateratzea, baina jasotako guztia Thibirinera joango da, hango kooperatiban laguntzera” aipatu zuen. Izan ere, Aljeriako zonalde honetan elkarlanean egiten dute aurrera, kooperatibetan antolatuta. “Gauza asko egiten dituzte, baratza zaindu, eztia egin, josi… Pobrezian bizi dira, eta nola edo ahala ateratzen dute bizimodua” gaineratu du.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide