Game of Thrones

"Petrila tramankulu bat zen eta kentzea Biotopoaren antolamendu planean sartzen zen"

Baleike 2016ko urr. 13a, 22:51

Ezkerretik, Jon Zulaika eta Andres Molina.

Itzurunen kendutako petrilaren inguruan egin dituzte bertaratu diren herritarrek galdera gehien. Hainbeste urtetan egon den horma kendu izana ez zuten ulertzen eta eraisteak hondarraren mugimenduan zerikusirik izango duen ere galdetu dute. Foru Aldundiko Jon Zulaikak eta Kosta Zuzendaritzako Andres Molinak erantzun dute. 

Zulaikak gogoratu duenez, Aldundia Deba-Zumaia Biotopo babestuaren kudeatzailea da. "Babes maila handiena duen espazioa da eta, oinarrian, balio naturala duen guztia hartzen du kontutan, ez bestelakorik. Espazio horretan zerbait egitea eskatzen badute eta posible bada, baimena emango da, bestela ez. Badira atzera botatzen diren eskaerak".

Games of Thrones-eko taldea Aldundiarekin harremanetan udan jarri zela gogoratu du. "Harrien erreplika batzuk egin nahi zituzten eta teknikari bat izan zen gainbegiratzen". Arazorik ez zela egon adierazi du. Ondoren beste eskaera batzuk egitea ere eskatu zutela esan du: "Leizezulo batera sartzea ura ateratzeko, hondarra mugitzea eta horma kentzea. Horma hori ez da naturala, ez dakigu noiz eta zertarako egin zen, lekukotasunaren hondakin bat besterik ez zen eta hobe zen kentzea". Esaldi horrek zalaparta eragin du bertaratutakoen artean.

"Antolamendu planak tramankuluak eta zentzurik ez duten hondakin industrialak kentzea jasotzen du", gaineratu du Zulaikak. "Ikusi genuen tramankulu bat besterik ez zela eta ingurunea distortsionatzen zuela. Hau kenduta ingurunea lehenera ekartzen da. Berez guk kendu beharko genuke horma hori, baina dugun euro apurrak beste zerbaitetan erabiltzea genuen. Norbaitek horma kentzeko borondatea erakutsi izan balu, ni pozik, antolamendu planaren baitan zegoelako". Kasu honetan, telesailaren grabazioarako eskatu dute horma kentzea eta, ekoiztetxea egin denez gastuen kargu, begi onez ikusi dute. 

Andres Molinak azaldu duenez, horma horrek hondarraren dinamika naturala aldatzen zuen. "Astebete geroago hondartzak bere itxura naturala berreskuratu du". Herritar batek galdetu dio ea horma kentzeak eraginik izango duean Santelmopeko hondar kopuruan eta ea horren inguruko modelorik egin duten. "Modelorik ez, baina azterketak urtean bitan egiten ditugu. Ez da arazo gehien ematen duen hondartza Gipuzkoan eta ez dago hondarra eramango duenaren inongo arriskurik". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide