Landa eremuan "ekintzailetasuna, sorkuntza eta elkarlana" sustatzeko egitasmo berria sortu du Landaolak

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 15a, 12:33

(Argazkia: Urkome)

Landan Ekin izenarekin, bi atal ditu egitasmoak: Gipuzkoako Landa Ekintzaile sariak eta Goizane izeneko ekintzailetza eta ko-sorkuntza gunea. Sarien lehen edizioaren deialdia irekita dago eta urriaren 11ra arte aurkez daitezke proiektuak lehiaketara.

Landa eremuan "ekintzailetasuna, sorkuntza eta elkarlana" sustatzea helburu duen Landan Ekin egitasmoa martxan jarri du Landaolak, Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak. "Landan Ekin-en bitartez, landa ingurunearen dibertsifikazioan eta enplegu sorreran sakontzeko zein lehen sektorea indartzeko helburuan aurrera egin nahi da, elkarlana, jasangarritasuna eta berrikuntza oinarri izango dituzten proiektuak sustatuz", azaldu dute Landaolaren arduradunek. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Hazi, BIC Gipuzkoa, Fraisoro eskola, Neiker BRTA eta CaixaBank dira egitasmo berriaren laguntzaileak.

Aipatu helburuak lortzeko, bi ataletan banatu dute Landan Ekin. Batetik, Gipuzkoako Landa Ekintzaile sariak sortu dituzte; lehen edizioaren deialdia irekita dago, eta sariok urtero banatzeko asmoa du Landaolak. Beste hainbeste atali dagozkion sei sari emango ditu Landaolak sarion bidez, guztiak 2.500 eurokoak; bestalde, aurkezten diren proiektuen artean lau aukeratu, eta horiei La Caixa Rural Talent izeneko saria emango diete: mila euro gehi 35 orduko formakuntza. Hauek dira Landa Ekintzaile sarien barruko kategoriak: nekazaritza jardueraren garapena, lehen sektorearen dibertsifikazioa, emakume ekintzaileari saria, gazte ekintzaileari saria, belaunaldi aldaketa saria, eta berrikuntza saria. 2023-2024 urteetan garatu edo amaituko diren proiektuak aurkez daitezke lehen deialdi horretara. Urriaren 11n bukatuko da proiektuak aurkezteko epea, landaola@landaola.eus webgunearen bidez zein lurraldeko landa garapen elkarteen egoitzetan –Urola Kostan, Urkomen–. Landaola.eus webguneko proiektuen atalean dago Landan Ekin egitasmoaren barruan emango dituzten sarien informazio osoa.

Bestetik, Goizane izeneko ekintzailetza eta ko-sorkuntza gunea sortuko du Landaolak Landan Ekin egitasmoaren barruan, lehen sektoreko eta elikadura balio-kateko eragileen artean elkarlana bultzatzeko helburuarekin. Goizane sortzeko hiru saio aurreikusi dituzte. Lehendabizikoa egina dute jada, eta bertan "eragileen ekarpenak jaso dira ekimena ontzeko", azaldu dutenez. Bigarrena ko-sorkuntza saioa izango da; urrian egingo dute, Landa Ekintzaile sarietara aurkezten diren guztien parte hartzearekin, eta hor eratuko dute elkarlanerako gunea. Hirugarren saioa, berriz, azaroan egingo duten bidaia bat izango da. "Ko-sorkuntza espazioan parte hartu duten eragileek proiektu eta egitasmo ezberdinak ezagutzeko bidaia antolatuko da, joera eta praktika aurreratuak jomuga hartuta", azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide