Robotika espazialaren inguruko haurrentzako tailerrak antolatuko ditu udal elkarteak Gabonetan

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 11a, 17:00

Espazio erronka eta Suziri baten diseinua izango dira eskainiko diren bi tailerrak, lehena 7-9 urte bitarteko haurrentzat eta bigarrena 10—13 urte bitartekoentzat.

Haurrei zuzendutako bi tailer antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Gabon garairako. Ekintzak UKUEren Open lab espazioan egingo dira eta espazioa izango dute hizpide. Espazio erronka du izena lehen tailerrak eta 7 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago; bigarrenak, berriz, Suziri baten diseinua izango du gai bezala, eta 10 urtetik 13ra bitarteko haurrentzako pentsatuta dago. Teknologia modu arduratsuan erabiltzeko ikasgaiak jasoko dituzte parte hartuko duten haurrek.

Tailer bakoitzak lau eguneko iraupena izango du, eta bi txandatan emango dira: abenduaren 26tik 29ra edo urtarrilaren 2tik 5era. Bi data horietan eskainiko dira bi tailerrak, parte-hartzaileek egokien datorkiena aukera dezaten.

Lau eguneko tailerrak izanik, modu honetan banatu dute lanketa:

Espazio-erronka

Lehen bi egunetan, parte hartzaileak Martera bidaiatzeko prestatuko dira. Robot bat eta haren akopleak, besoak eta erremintak asmatu, diseinatu, eraiki eta programatuko dituzte.

Hirugarren egunean, parte-hartzaileek Hezkuntza Proiektu bat jarraituko dute, ESAren (Europako Espazio Agentzia) eta Airbus Fundazioaren arteko elkarlanarekin burutzen dena, Autodesk enpresako TINKERCADekin lankidetzan.

Azken egunean, haurrek ilargi-base bat berregingo dute, CoSpacesen eskuragarri dauden elementuak, Tinkercaden aurretik diseinatutakoak edo Internetetik berreskuratzen dituzten beste batzuk erabiliz: lurreratze-basea, ilargi-basea, rover bat, suziri bat eta ilargiaren orbita-plataforma bat, besteak beste.

Horretarako, eszena birtualak eta elementuak diseinatuko dituzte, bideo-jokoaren ingurunea eta atmosfera definituko dute, eta eraikuntzak eta objektuak 3Dn diseinatu eta modelatzeari edo efektuak, argiak, soinuak eta trantsizioak txertatzeari helduko diote.

Suziri baten diseinua

Lehen egunean, parte-hartzaileek hezkuntza-proiektu bat landuko dute, ESAk (Europako espazio-agentzia) eta Airbus Fundazioak elkarlanean burutzen dutena, Autodesk enpresako TINKERCADekin lankidetzan.

Bigarren egunean, eguzki-sistema bat birsortuko dute, CoSpacesen eskuragarri dauden elementuak, Tinkercaden aurrez diseinatutakoak edo Internetetik berreskuratzen dituzten beste batzuk erabiliz.

Azken bi egunetan, parte hartzaileak Martera bidaiatzeko prestatuko dira. Robot bat eta haren akopleak, besoak eta erremintak asmatu, diseinatu, eraiki eta programatuko dituzte.

Izen-ematea zabalik dago eta interesdunek abenduaren 20a arte eman ahal izango dute izena galdetegi hau beteaz. Ikastaroak guztiz doakoak izango dira. Tailerrak aurrera ateratzeko gutxienez zortzi lagunek eman beharko dute izena, eta 14ek gehienez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide