Denboraleak kostako errepidean eragindako kalteak konpontzeko diru partida onartu du aldundiak

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 20a, 17:00

Horma erori zen puntua kostako errepidean. (Utzitakoa)

Errepidea konpontzeko 350.000 euroko gastua konprometitu du Diputatuen Kontseiluak. Aurreikuspenak betetzen badira, astebete baino lehen ekingo diote lanei. Ez dute baztertzen konpontze lanek irauten duten denboran errepidea erabat ixtea.

Otsailaren 9 eta 10eko asteburuan Euskal Herria kolpatu zuen Karlotta denboraleak eragina izan zuen N-634 errepidean, Getaria eta Zarautz artean. Bi herrien arteko puntu batean horma erori egin zen eta zulo bat eragin zuen errepidean. 

Zulo horrek 5,50 metro inguruko sakonera du eta errepidearen kanpoko erreiari eragin zion. Denbora honetan, kostako errepidetik igarotzen den trafikoa semaforo bidez erregulatu behar izan dute horma erori zen lekuan. Aldundiak ohar baten bidez azaldu duenez, "errepidearen plataformaren egonkortasuna itsasoko denboraleen erasoei eusteko duen gaitasunaren araberakoa da”, eta kostako horma desagertzeak “suposatzen du olatuen erosioa nabarmen handitzea, eta horrek galtzadan depresio handia eragin dezake, ez bagara azkar jarduten; hartara, beharrezkoa da larrialdiko jarduketa bat egitea, arriskua dagoelako mugimenduek aurrera egiten jarraitu eta eragindako kalteak ugaritzeko”.

Hala, Diputatuen Kontseiluak 350.000 euroko diru partida onartu du errepideko kalte horiek konpontzeko. "Erabaki honen helburua da berehala berreraikitzea horma, kalteak handiagoak izan ez daitezen  eta konplexutasun handiko esku-hartzea da, mareen joan-etorriaren eragina dela eta”, gaineratu du Irune Berasaluze foru diputatuak. 

Egingo diren lanen zehaztasunak ere eman ditu bozeramaileak. Obretan, lehenik eta behin, zulatutako zatiaren estalkia eraitsiko da, horma berreraikitzean materialik aska ez dadin, eta, horrela, jarduketa egingo den hormaren hamabost metroen segurtasuna bermatzeko. Era berean, oinezkoentzako sarbide bat jarriko da obretako langileentzat, sarbide segurua bermatzeko. Horma berria kareharrizkoa eta hormigoizkoa izango da, zortzi metroko altuerakoa, eta oinarria hormigoizko biraltze batekin babestuko da, bi metroko altueran. Horma berreraikitzeko lanak amaitu ondoren, urbanizazio-elementuak eta eragindako zorua berrituko dira.

Lau asteko iraupena

Lan konplexuak dira eta horrek konpontze lanen iraupenean ere eragingo du. Aldundiak aurreikusten duenez, obra hauek astebeteko epean hasi ahal izango dira eta, gaineratu dutenez, jarduketek ziurrenik errepidea erabat moztea eskatuko dute, obrek iraungo duten lau asteetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide