Lau mediku ziren orain gutxi arte Zumaiako osasun zentroan. Langileen hitzetan, lan karga ikaragarriaren ondorioz eskatu dute plazaren lekualdatzea bik orain gutxi, baldintza hobeagoetan lan egiteko: "Aldi bateko langileek nahiago dute beste leku batean lan egin". Izan ere, azaldu dute mediku bakoitzak 1.500 pertsonako kupoa izatea dela ohikoena, eta Zumaian 1.800 ingurukoa zutela lehen. Gaur egun, 4.500era igo da kopuru hori. Pediatrekin ere antzera dabiltza: bi daude Zumaian lanean, eta batek bakarrik artatu ditzake pazienteak aurrez aurre.
Getariako, Zestoako eta Aizarnazabalgo bizilagunei ere eragiten die mediku faltak, Zumaiara jotzen baitute larrialdi kasuetan. Eta, herri horietan edo adinekoen egoitzetan sendagileak falta direnean, Zumaiako medikuek ematen diete arta beharrik izanez gero.
Herri horietako biztanleak, gainera, medikurik eta pediatrarik gabe daude gaur egun 15:00etatik aurrera: "Bi erizain bakarrik ari dira lanean ordu horietan, larrialdietan. Profesionaltasun osoz ari dira, baina ezin izaten dituzte larrialdi kasu guztiak artatu". Gaineratu dute ospitaletik urrunen dauden herriak daudela larrialdi zerbitzurik gabe.
Zumaiako osasun zentroko langileek gogorarazi dute larrialdi kasuetan Donostiako ospitalea zabalik dagoela eguneko 24 ordutan, eta eskaera zuzena egin dietela ospitaleari behar den laguntza guztia emateko.
Dena den, osasungintzak herritar guztien eskubidea behar lukeela gogorarazi dute, eta egoera honetan pazienteen segurtasuna zalantzan dagoela salatu. Horregatik guztiagatik, herritarrak informatu nahi izan dituzte anbulatorioko egoeraz: "Harreran tentsio uneak sortzen dira, eta ulergarria da, baina askotan ezin dugu gehiago egin. Gu geure aldetik irtenbide egoki bat ematen saiatuko gara, baina pazientzia eskatu nahi diegu, bi medikuk ezin dutelako seiren lana egin. Behar den tokian kexatu behar da".
Eta, bestetik, agintariei osasungintza birmoldatzeko eskatu nahi izan diete. Beren ustez, duela urte batzuetako baldintza bereekin lanean jardutea ez da zentzuzkoa beharrak aldatu direnean. Dituzten baliabide urriak, gainera, banatu egin beharko lituzkete. "Biztanle batzuk ezin dute ondoko herrikoak baino arreta hobeagoa izan. Dagoena banatu egin behar da", azaldu dute.
Plenora gonbita
Zumaiako Udaleko ohiko udalbatzarra izango da bihar, ostegunarekin, eta eguneko aztergaietako bat izango da sendagileek sartutako mozioa. Hiru eskakizun eramango dituzte plenora: guztientzako osasun-arta berdina bermatzea eskatzeko herritarrak mobilizatzea, Osakidetzari Kontingentzia-plana aktiba dezan eskatzea eta osasungintza publikoko zentro guztiek mediku estaldura antzerakoa izatea.
Izan ere, beren ustez, osasungintza eskubide unibertsala da, eta pertsonalarekin lotutako politika hauek medio, ezin liteke Zumaiako, Getariako, Aizarnazabalgo eta Zestoako biztanleak bigarren mailako herritar izatea. Herritar guztientzat arreta bera eskaintzea nahi lukete. Herritarrak gonbidatu dituzte udalbatzarrera bertaratzera, beren eskakizunak ozen entzun daitezen.