Ziztu elkarteak jasoko du aldundiaren Guztiok Mugituz saria

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 3a, 10:03

Azahara Dominguez diputatua, erdian, Ziztu eta Donostia-Leioa elkarteetako ordezkariekin, sarien aurkezpenean. (GFA)

Donostia-Leioa elkartearekin batera jasoko du aitortza Urola bailarako herrietatik Bizkaiko campusetara garraio zerbitzua ematen duen elkarteak. Atzo aurkeztu, eta abenduaren 18an egingo dute sari banaketa ekitaldia Donostiako EHUren campusean.

Azpeititik, Azkoititik, Zestoatik, Zumaiatik eta Mendarotik (Gipuzkoa) Bizkaiko unibertsitate campusetarako garraio zerbitzua kudeatzen duen Ziztu elkartea sarituko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hain zuzen ere, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuaren Guztiok Mugituz sarietako bat jasoko du Ziztuk; Urola bailaran sortutako elkartearen eginkizun bera duen Donostia-Leioa elkartearentzat izango da bestea. "Unibertsitateko dozenaka ikasle, irakasle eta langile egunero, modu iraunkorrean, Gipuzkoatik Bizkaiko unibertsitate campusetara lekualdatzeko egindako lana" aitortuko diete bi elkarteei sariarekin.

Gipuzkoan mugikortasun jasangarria eta inklusiboa bultzatzen laguntzen duten ekimenak, programak edo proiektuak aintzatesteko sortu zituen aldundiak Guztiok Mugituz sariak, eta zortzigarren aldia dute aurtengoa. Abenduaren 18an izango da sari banaketa ekitaldia, Donostian, Ibaetako EHUren campuseko Carlos Santamaria aretoan.

"Pozarren" eta "eskertuta"

Azahara Dominguez diputatua eta saria jasoko duten elkarteetako ordezkariak bertan zirela aurkeztu zituzten atzo aurtengo Guztiok Mugituz sariak.

Dominguezek sarituen lana goretsi eta aldundiak bi elkarteekin dituen hitzarmenak azaldu zituen: "Sari honekin, Ziztu eta Donostia-Leioa elkarteak aspalditik egiten ari diren lan altruista, desinteresatu eta guztiz zorrotza saritu nahi dugu, Gipuzkoatik Bizkaiko unibertsitate campusetara egunero joaten diren pertsonen kolektiboak joan-etorriak modu jasangarrian egin ditzan. 2024tik aurrera, beren ahaleginari eta nire departamentuaren konpromisoari esker, zerbitzu hori Mugin integratuta balego ordainduko luketen tarifaren antzekoa ordaintzea lortu dute elkarte hauek, eta horrek aurrezpen oso garrantzitsua ekarri du dozenaka familiarentzat".

Ziztuko ordezkariak, berriz, "pozarren" eta "eskertuta" daude, egindako lana aitortu dietelako, eta bidelagun dituzten erakundeentzako esker on hitzak izan zituzten atzoko aurkezpenean. Bermatzen duten garraio zerbitzuaren garrantzia ere azpimarratu zuten Ziztukoek: "Ziztu unibertsitate elkartetik mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egiten dugu, gazteek unibertsitateetara herrietatik joateko aukera izan dezaten; izan ere, herrien eta hirien arteko garraio sistema eraginkorra ezinbestekoa da landa eremuak garatzeko eta haien etorkizuna bermatzeko".

Ikasturte honetan jarri dute martxan Ziztu, Aldalur autobus enpresak Azpeititik, Azkoititik, Zestoatik eta Zumaiatik Bizkaiko unibertsitate campusetara joateko urteetan emandako zerbitzua kolokan jarri ondoren. Irtenbide bila hasi ziren erabiltzaile batzuk, eta hortik abiatuta sortu zuten Ziztu elkartea. Joan den urtarrilean, garraio zerbitzua finantziatzeko konpromisoa hartu zuen aldundiak, eta apirilean, konpromisoa berretsiz, Zizturen zerbitzua diruz lagunduko zuela iragarri zuen erakunde horrek. Azken hilabeteetan, Urolako aipatutako lau herrietako erabiltzaileei Debabarreneko Mendarokoak ere batzu zaizkie.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide