Auzotarrek aurkez ditzakete Arroabeko VII. Ipuin Lehiaketarako lanak

Ane Olaizola 2025ko urt. 17a, 10:00

Arroabeko Ipuin Lehiaketaren sari banaketa, artxiboko irudi batean. (Ezkaizto auzo elkartea)

Ipuinen gaia librea da, eta parte hartzaileek martxoaren 7ra bitartean aurkez ditzakete lanak.

Ezkaizto auzo elkarteak eta Arroako Eskolak zazpigarrenez antolatu dute Arroabeko VII. Ipuin Lehiaketa, eta auzotarrek —soilik auzoko bizilagunek parte har dezakete lehiaketan— martxoaren 7ra bitartean aurkez ditzakete lanak.

Aurten ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasten dabiltzan nerabeek ere parte har dezakete lehiaketan, eta horiek helduen mailan arituko dira. Gainontzean, ohiko moduan, honako hiru maila hauetan banatu baitute egitasmoa: LH 1 eta 2koak, LH 3 eta 4koak eta LH 5 eta 6koak.

Gaia librea da, eta lanek euskarazkoak, originalak, argitaragabeak eta beste lehiaketetan saritu gabekoak izan beharko dute. Neurriari dagokionez, LH1 eta 2koen lanek orrialde bakarra izango dute; LH3 eta 4koen lanek bi orrialde izango dituzte gehienez; LH5 eta 6koen lanek lau orrialde izango dituzte gehienez, eta azken multzokoen ipuinak orrialde bakarrekoak izango dira. LH1 eta 2. mailakoek eskuz idatzita aurkez ditzakete lanak, gainontzekoek ordenagailuz egin beharko dituzte. Ordenagailuz idatzita aurkezten diren lanek 12 tamainako Arial letra erabiliko dute, DIN A-4 neurriko orrietan. 

Helduen mailan parte hartzen dutenek, bestalde, derrigorrez honako esaldi hau txertatu beharko dute ipuinean: "Une horretan jabetu da/zen: sentimendu hori betirako izango du/zuen berekin". Hain zuzen, parte hartzaile horiek ipuinakarroa@gmail.com helbide elektronikora mezua idatzita bidali beharko dituzte lanak, eta mezuan ipuinaren izenburua, egilearen izen-abizenak eta adina zehaztu beharko dute. Dena den, helbide elektronikoz egin ezin dutenek 652 73 23 80 telefono zenbakira bidal dezakete mezua.

LHko haurren lanak, berriz, Arroabeko Eskolan jasoko dituzte. Idazlanarekin batera, gutun-azal itxi baten barruan egilearen izen-abizenak adierazi beharko dituzte. Kartazalaren kanpoaldean, berriz, ipuinaren izenburua eta parte hartzen duen maila zehaztu beharko ditu.

Epaimahaiak maila bakoitzean ipuin bat sarituko du, baina azaldu du sariren bat eman gabe gera daitekeela.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide