Gukari diru laguntza erdira murriztea denontzat da kaltegarri

Urolako Komunikazio Taldearen Errektore Kontseilua 2025ko ots. 6a, 08:00

Gukaren lantaldea. (Guka)

Euskarazko hedabideari diru laguntza jaisteko erabakian atzera egiteko eta hitzarmen eredu berria adosteko deia egin dio UKTren Errektore Kontseiluak Zarauzko Udalari.

Abenduko Zarauzko udalbatzarrak espero gabeko albiste txarra ekarri zion UKTri: 2025erako, Guka hedabideentzat diru laguntza erdira jaistea erabaki zuen udal gobernuak; 78.000 eurotik 39.000 eurora, hain zuzen ere. Espero gabekoa, urte osoan ez genuelako halakorik iragar zezakeen inolako ohartarazpen, kexa edo iradokizunik jaso Zarauzko Udalaren partetik; albiste txarra, oztopo bat delako herri erakundeek, herritarrek eta euskarazko hedabideok partekatzen ditugun helburuetan ganoraz eragiteko: euskararen erabilera sustatzea, tokiko kazetaritza profesionalaren bidez herritarrek behar duten informazioa bermatzea, edota herrigintzan eta tokiko garapenean aktiboki laguntzea.

Kezkatzekoak dira, baita ere, diru laguntzaren jaitsiera justifikatzeko udal gobernuko bi alderdiek udalbatzar hartan erabilitako argudioak, uste okerretan baitaude oinarrituta. PSE-EEko bozeramaile Inaxio Illarramendiri entzun genion Zarauzko Udalak “gerrikoa estutu beharra” duela, aurrekontuetako gastua kontrolatu beharra duela. Udal agintariek dakite, noski, inork baino hobeto, zein diren Zarauzko Udalaren zailtasun edo behar ekonomikoak; baina diru laguntzak erdira jaistea ez da irizpide orokorra izan, Gukari beren-beregi salbuespenez ezarritako neurria baizik.

Gerrikoa estutu beharra aipatu denez, gogorarazi nahi dugu bazirela gutxienez sei urte diru laguntzaren kopurua igo gabe. 2019an UKT sortu aurretik, 39.000 euro jasotzen zituen Erlo Telebistak eta beste 39.000 euro Urola Kostako Hitzak. Bien batuketa izan da UKTk jaso duena, ez gehiago, 2024ra arte. Eta denok dakigu bizitza zenbat garestitu den, pandemia ere tarteko. Zarauzko Udalaren aurrekontuak gora egin du nabarmen azken urteotan; diru laguntzak, ordea, ez. Eta zer esan hamabost urte egiten badugu atzera: orduko telebistak 100.000 eurotik gorako diru laguntza zuen, eta Hitzak 44.500 eurokoa. Beraz, aspalditik daukagu gerrikoa ondo estututa.

Enpresa bat garela ere argudiatu zuen Illarramendi jaunak diru laguntza erdira murrizteko. Ez dakigu oso ondo horrekin zer esan nahi duen, baina ezjakintasunez edo arinkeriaz egindako adierazpena iruditzen zaigu. Gauzak argitze aldera: irabazi asmorik gabeko kooperatiba elkartea da Urolako Komunikazio Taldearen izaera juridikoa. Enpresa mota bat da, bai; eta, gure kasuan, hiru arrazoi nagusirengatik aukeratu genuen: gure hedabide sortzaileen izaera sozialari erantzungo zion jantzi egokiena delako, langileen parte hartze zuzena bermatzeko, eta gaur egun hedabidegintzak eskatzen duen kudeaketa egitura profesionala behar dugulako. Are gehiago, harrotasunez esango dugu gure kooperatibako langile guztiek ekarpen ekonomiko handia egin dutela kooperatibak oinarri sendoagoak izan ditzan. Dirua irabazteko asmorik ez dago hemen, konpromiso ikaragarria baizik.

Eta inor ez dadila despistatu: gure egitekoak segitzen du izaten euskarazko tokiko kazetaritza, eta diru laguntza publikoak ezinbestean behar ditugu herri erakundeek aitortutako interes publikoko funtzioa beteko badugu. Bidenabar, badaezpada, gogorarazi nahi dugu hainbat urtez Zarauzko Udalaren diru laguntza jaso duten Erlo Telebista eta Urola Kostako Hitza, biak ala biak, enpresa zirela, eta hori ez dela sekula oztopo izan.

EAJko udal taldearen partetik, Garbiñe Oiarbide bozeramaileak udalbatzarrean adierazi zuenez, ez daude ados Gukak ikus-entzunezkoetan Zarautzi eskaintzen dion arretarekin. UKTko zuzendaritzari transmititu diotenaren arabera, diru laguntzaren alkate dekretuak ezartzen duena ez dugu bete, telebistako kamerak ez omen dira udalak deitutako prentsaurrekoetara joaten. Eta aitortu beharrean gaude, bai, alkate dekretuak agindutako guztia ez dugula bete: ezinezkoa baita kazetaritzaren printzipioei uko egin gabe. Alkate dekretuak dio, besteak beste, “Erlo Telebistak osoko bilkurak, adierazpen instituzionalak eta Zarauzko Udalak zehaztutako ekitaldi eta albisteak emitituko” dituela. Ez dago azalpenetan askoz gehiago luzatu beharrik: hedabideetan kazetariek erabakitzen dute zer den albiste eta zer ez. Zarauzko Udala informazio iturri oso garrantzitsua da, noski baietz. Gure egitekoa da zarauztarrei horren berri ematea, udal gobernuaren lanaren jarraipena egitea eta ahotsa ematea iritzi guztiei eztabaida dagoenean. Baina hori nola egin kazetariek erabakitzen dute, helburu bakarrarekin: zarauztarrak ahalik eta ondoen informatzea. Mingarria da gure kazetarien lana zalantzan jartzen dela entzutea, bereziki Zarauzko kazetari taldearentzat.

Udalbatzarrean entzundakoei erantzuteaz gain, aukera hau baliatu nahi dugu UKTko lantaldeak bost urte hauetan egindako lana goraipatzeko. Eskualdeko sei hedabidek bat egiteko erabakia hartu genuenean erronka handia jarri genien lankideei: gure herritarren beharrei erantzungo dien komunikabide bat eraikitzea, ahalik eta sendoena eta profesionalena; aurretik egindako bideari segida emanez, baina berritzailea eta epe luzeko ikuspegia izango duena; euskararen komunitatea zabaltzen lagunduko duena; sare sozialetan denak balio duen garaietan, kazetaritzaren oinarriak inoiz baino irmoago defendituko dituena. 

Zailtasunak zailtasun, urrats handiak egin ditugu: lantalde profesionala osatu dugu; hedabideak berritu eta osatu ditugu; Guka estrategia berria jarri dugu martxan, Gukakiderekin batera; garai berrietara egokitutako komunikabide multimedia daukagu orain, bere egitekoan sinesten duen lantalde bikainarekin, herritarrei kazetaritzarik onena eskaintzeko prest. Zorionekoak gu, Euskal Herriko bazter honetako herritarrok.

Ahalegin honek guztiak, noski, emaitzak eman ditu. Ez dugu zenbakiekin inor aspertu nahi, baina bizpahiru datu emango ditugu Guka zarauztarrentzat zer den ulertarazteko: soilik digitalekoak zenbatuta, urtean bi mila albistetik gora argitaratzen dira zarautzguka.eus atarian (horietatik 200dik gora dira zuzenean udalari lotutako albisteak); egunero 3.000 bisita, milioitik gora urtean eta 2,3 milioi orrialde irakurrita; gehitu datu horiei Guka egunkarian egunero Zarautzi eskaintzen zaizkion orrialdeak (urtean izango dira 300dik gora); eta, ikus-entzunezkoetan egindako dozenaka elkarrizketa, erreportaje, jaietako kronika, baita udalari dagozkion albisteak ere, Guka Telebistarako zein digitalean zabaltzeko. Horrekin nahikoa ez, eta 2024an sortu ditugu guka.eus webgunea, Guka aplikazioa, Gukasteka buletina zarauztarrentzat, Whatsapp kanala... Eta 2025eko udaberrian, Zarauzko hilabetekari digitala estreinatuko dugu, euskarri berri honetan lehena. Beraz, garai bateko telebista eta egunkaria baino askoz gehiago gara gaur egun, zorionez.

Geuk egin dugun neurri bereko ahalegina ez diogu eskatzen Zarauzko Udalari, baina bai lagundu dezala konbentzimendu handiagoz. Informazioaren arloan erronka handiak ditu gaur egungo gizarteak, soilik sare sozial digitaletan oinarritutako komunikazio estrategiek erabat desitxuratu baitituzte benetako informazioaren, marketinaren eta egiaz mozorrotutako gezurren arteko mugak. Hedabideak ezinbestekoak dira borroka horretan, baita tokikoak ere. Eta zer esango dugu testuinguru horretan euskarak dauzkan zailtasunen gainean: tokiko hedabideak aukera paregabea gara euskara beti eta esparru guztietan galtzaile izan ez dadin.

Beraz, ziur gaudenez idatzi honetan aipatu diren helburu orokorretan ados gaudela, UKTko Errektore Kontseilutik dei egiten diogu Zarauzko Udalari, lehenik eta behin, hartutako erabakiaren gainean gogoeta egin eta atzera egin dezan, diru laguntza erdira jaistea denon kalterako baita; horrekin batera, aurrera begirako hitzarmen eredu berri bat adosteko proposamena egiten diogu, elkarren arteko aitortza eta konpromisoekin, eta helburuei hobeto erantzuteko beharko diren baliabideak aintzat hartuta. Bakoitza bere lekutik, bakoitza bere funtziotik, baina UKTko Errektore Kontseilutik sinesten dugu bidelagun izan behar garela, Zarautzen eta zarauztarren mesederako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide