Martxan da Gipuzkoan euskararen ulermena orokortzea eta erabilera aktibatzea xede duen Arigune egitasmoa

Julene Frantzesena 2025ko ots. 7a, 15:16

Gipuzkoa Arigune egitasmoaren sustatzaileak-eta gaurko agerraldian. (Taupa)

Gipuzkoan euskararen ulermena orokortzea eta hiztunak euskaraz aritzearen aldeko kultura eta adostasuna soziala sustatzea ditu xede egitasmoak. Egitasmoa esperimentazio fasean dago, eta proba pilotuak hasi dira egiten; tartean, Aian. Metodologia berritzailea du egitasmoak, eta ikuspegi komunitarioa.

Gipuzkoan komunitatea euskararen erabileraren alde inplikatzea xede duen Gipuzkoa Arigune egitasmoa aurkeztu dute gaur Donostian, Tabakaleran. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak jarri dute martxan ekimena, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Badalabekin batera. Hala aurkeztu dute gaur egitasmoa: "Gipuzkoa Arigune etorkizuneko ikuspegi bat da. Eszenatoki bat da non edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz eroso egingo duen, eta euskara gizarte kohesionatuago bat lortzeko bide izango den".

Hain zuzen ere, Gipuzkoan euskararen ulermena orokortzea eta hiztunak euskaraz aritzearen aldeko kultura eta adostasuna soziala sustatzea ditu xede egitasmoak, eta lau ardatz edo oinarri ditu: ikuspegi komunitarioa, antolaketa kolektiboa, adostasun zabalak eta metodologia berritzaileak. Egitasmoa esperimentazio fasean dago, eta proba pilotuak hasi dira egiten 2.000 eta 3.000 biztanle artean dituzten bi udalerritan eta auzo batean; tartean, Aian –Antzuola eta Donostiako Añorga auzoa dira beste biak–. Aurkezpenean izan dira Miriam Sarasola Aiako alkateordea eta Jaione Urrezti Aia Arigune foroko kidea.

Euskararen biziberritze prozesuan "jauzi bat egiteko unea" dela iritzita jarri dute martxan egitasmoa, jakitun horretarako beharrezkoa dela "inertziak albo batera uztea, begirada altxatzea eta elkarrekin epe luzera begira jartzea". Hala esan du Mikel Ozaita Taupa euskaltzaleen mugimenduko kideak: "Sinetsita gaude gauza berriak esperimentatzeko unea dela, eta lurraldearen ezaugarriak aintzat hartuz, Gipuzkoari bide urratzailea izatea dagokiola".

Ulermena eta erabilera jomugan

Gipuzkoa da euskararen alorrea faktore onenak dituen lurraldea; izan ere, ulermen unibertsaletik gertuen dagoen lurraldea da, hizkuntza erabiltzen eta transmititzen den eremu gehien Gipuzkoan daude eta euskara sustatzearen aldeko jarrera ere han dago zabalduena. Halaber, euskara ulertzeko gai dira 16 urtetik gorako hamar gipuzkoarretatik zazpi eta 24 urtetik beherakoen artean ulermena ia-ia unibertsala da. Joera mantentzen bada, beraz, 2050ean 50 urtetik beherako gipuzkoar gehienak izango dira euskara ulertzeko gai.

Gipuzkoa Arigune egitasmoak ulermena eta erabilera ditu jomuga; izan ere, euskal hiztun bakoitza animatu nahi dute, norbere gaitasunetatik abiatuta, urrats bat egitera. Ozaitaren hitzetan, "euskararen erabileran ardaztuko den kultura soziolinguistiko berri bat eraikitzea" dute xede. Hala adierazi du hark: "Aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, gaur egun euskararen erronka erabilera biderkatzeko baldintza egokiak sortzea da. Hiztunok euskaraz eroso aritzea erraztuko duten eremuak eta espazioak irabazteak garrantzia estrategikoa du". Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere horretan bidea urratzearen garrantzia azpimarratu du, eta esan du Gipuzkoak horretarako "aukera eta ardura" duela.

Metodologia berritzailea

Martxan jarri duten egitasmoaren metodologia berritzailean jarri dute arreta aurkezpenean; izan ere, Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak adierazi duenez, oinarria klusterra 2010etik garatzen ari den Aldahitz ikerketa izango da. Ikerketa horren hipotesia da hitz egiten hasteko ez dela ezinbestekoa euskaraz ongi hitz egiten jakitea; ulertzea nahikoa izan daitekeela bestea guri euskaraz hitz egiten hasteko, betiere, horretarako testuingurua sortzen badugu".

Horretarako hiru metodologia ari dira prototipatzen, pilotatzen eta garatzen: arlo informalean probatzen hasi diren Uler-saioak –ulermena lortzea da xedea; 120 ordutan, B1 ulermen mailara iristea–; Ulerrizketa –euskaraz ulertzeko tarteko maila dutenen eta maila ona dutenen arteko elkarrizketak sustatzen dira–; eta Eusle –euskara erabiltzeko konpromisoa hartzeko; Euskaraldiako rolak dira horren adibide–. Larreak azaldu duenez, herritarren arteko kooperazioa da metodologia horien bereizgarrietako bat. "Hiztunek elkarren arteko harremanetan eta elkar lagunduz garatzen dituzte gaitasun berriak, eta gaitasun horiek praktika berri bilakatzeko testuinguru bat ere topatzen dute, elkarri hizkuntza ohiturak aldatzeko zilegitasuna aitortuz".

Ikuspegi komunitarioa

Metodologia ez ezik, egitasmoaren ikuspegi komunitarioa ere jarri dute erdigunean. Ikuspegi hori nabarmendu du, esaterako, Jasone Mendizabal Taupako koordinatzaile orokorrak. "Euskararen eta komunitatearen garapena elkarren eskutik gabiltza sustatzen; izan ere, hizkuntza tresna boteretsua da gizartea kohesionatzeko eta eraldaketa soziala bultzatzeko". Gipuzkoa Arigune  komunitatetik abiatzen dela esan du, euskararen ezagutzari eta erabilerari dagokionez, udalerriko erronkei eta aukerei erreparatzen zaielako komunitatearekin batera. "Abiapuntuan oinarrizko proposamen bat badago ere, tokian-tokian adosten da eraldaketa bultzatzeko non eta nola eragin behar den".

Goiatz Oiartzabal Badalabeko zuzendari nagusiak esperimentazio fasean den egitasmoa martxan jarri duten herrietako eta auzoko pilotatzeen berri eman du. Haren hitzetan, "ahalegin berezia" ari dira egiten egitasmoa antolatuko duen foroa "askotarikoa" izan dadin. Zehazki, udala, udalbatza osatzen duten alderdi politikoak, euskalgintzako eragileak eta herritarrak biltzen dira aurrena, eta horiek herritarrak aurkezpenetara gonbidatzen dituzte banaka. Gero, komunitate horrek erabakitzen du eraldaketa bultzatzeko non eta nola eragin behar den, eta lanketa eginda, herrira zabaltzen dute dinamika.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide