Udaltzainen kontratazio prozesu bateratua egingo dute Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek

Juan Luis Romatet 2025ko ots. 19a, 15:18

Haritz Alberdi, IƱaki Ostolaza eta Nagore Alkorta, Zumaiako Udaltzaingoaren aurrean. (Juan Luis Romatet)

Hiru udalerrietan aritzeko bost udaltzain kontratatuko dituzte lehen deialdian. Hautagaiek B2 euskara maila eta herrien ezagutza bermatu beharko dute. Udalek beraiek egingo dute lan eskaintza publiko bateratua, "konfiantza eta gertutasuna" oinarri dituzten udaltzainak kontratatu nahi dituztelako. 

Udaltzainak kontratatzeko lan eskaintza publiko bateratua egingo dute Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek. Deialdi horren bidez, "konfiantza eta gertutasuna" oinarri izango duten udaltzainak kontratatu nahi dituztela azaldu dute hiru herrietako alkateek gaur eguerdian Zumaiako Udaltzaingoaren egoitzan egin duten agerraldian. Han izan dira, hain zuzen ere, Azpeitiko alkate Nagore Alkorta, Getariako alkate Haritz Alberdi eta Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza. Prozesu bateratua bost udaltzainen kontratazioarekin hasiko dute, baina etorkizunean sor daitezkeen beharrak asetzeko lan poltsa eratuko dutela ere gaineratu dute.  

Datozen asteotan argitaratuko duten deialdi horren bidez, hiru agintarien esanetan, herriaren eta herritarren beharretara egokituko den Udaltzaingo eredu "hurbila eta komunitarioa" indartu nahi dute. Izan ere, jakitun dira Arkautiko akademiatik iritsitako udaltzain batzuek ez dutela "behar adinako ezagutzarik" erakutsi, ez euskara mailaren aldetik, ezta lan egin duten herriei dagokienez ere. "Udaltzain horietako batzuk urtebeteko epean joan egin dira beste udalerri edo hiribatzuetara. Hori saihesteko, prozesuaren bidez herriotan lan egin nahi duten udaltzainak bilatuko ditugu", adierazi du Zumaiako alkateak. Zentzu horretan, deialdi bateratuak herrietako Udaltzaingoaren taldea egonkortzeko helburua ere baduela esan dute.  

Hasieran, lehen deialdian, bost udaltzain kontratatuko dituzte: hiru Zumaiarako, eta bana Azpeitirako eta Getariarako. Prozesuan zehar, ordea, kontratatu beharreko udaltzain kopurua handitzea aurreikusita dagoela ere jakinarazi dute. Azpeitian, esaterako, "barne promozio bitartez", lehen mailako agenteen lau postu beteko dituzte. "Ondorioz, hasiko dugun prozesura lau udaltzain lanpostu gehitzea espero dugu", zehaztu du Azpeitiko alkateak. Hark gaineratu duenez, lanpostuak betetzeaz gain, prozesuari esker lan poltsa eratuko dute, hiru herrietan aurrerantzean sor daitezkeen beharrei erantzuteko. 

Euskara maila eta herriaren ezagutza 

"Gertutasuna eta komunitatearekiko inplikazioa" izango dira, hiru alkateen ustetan, udaltzain lanpostuen funtsezko ezaugarriak. "Herri txikiak dira gureak, eta ezinbestekoa da udaltzainek herri horien ezagutza izatea", azpimarratu du Getariako alkateak. Eta zer erantsi du: "Herritarrak, oro har, euskaraz komunikatzen dira, eta beharrezkoa da udaltzainak ere euskaraz aritzea. Konfiantzako harremana sortu behar dute herritarrekin, eta horretarako, herri izaeraren ezagutza ere izan behar dute udaltzainek". 

Horregatik, lan eskaintza publikoaren prozesuan herrien ezagutza eta euskararen erabilera "bereziki baloratuko" dituztela esan dute. Hala, lan eskaintzan parte hartuko duten hautagaiek, gutxienez, euskararen B2 maila egiaztatu beharko dute –azterketen bidez bermatuko dute euskara dakitela–, eta azterketetan hiru herrien inguruko galderak ere egingo dizkiete. Hautagaiek bete beharko duten hizkuntz eskakizuna dela eta, auzitegiek deialdia atzera botatzearen beldurrik ez dutela ere adierazi dute. 

Udaltzainak kontratatzeko Gipuzkoan udalen artean egingo den lehen lan eskaintza publiko bateratua izango da eskualdeko hiru udalerriek bultzatutakoa. Aurretik, Bizkaian egin zuten, Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Lekeition, hain zuzen. Erakundeek deialdiaren aurkako neurririk ez dutela hartuko uste dutela ere adierazi dute alkateek. "Langileen kontratazioa esklusiboki udalen esku dago, baita udaltzainena ere. Horregatik, uste dugu, udalon autonomia bermatu beharko dutela". 

Zumaiatik kudeatua 

Lan eskaintza publiko bateratua Zumaiako Udalak kudeatuko du. Azpeitiko eta Getariako udalek udalbatzar banatan onartu zuten Zumaiaren aldeko emakida egitea. Hala esan du Zumaiako alkateak. Eta, hain zuzen, datorren ostegunean, otsailaren 27an, Zumaiako Udalak egingo duen osoko bilkuran aztertuko dute Zumaiak bere gain hartzea prozesu bateratuaren ardura. Behin izapide hori eginda, deialdia datorren martxoan zabaltzea aurreikusi dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide