2015eko otsailaren 27an jarri zen martxan Itziarko Auzo Udala, bere izaera zehazten duen Foru Dekretuak onespena jaso ondoren, prozesu luze eta korapilatsuaren ondoren. Hamar urte igaro dira harrezkero, eta gertakizun honi dagokion garrantzia eman nahia,n herritarrak deitu eta elkarrekin ospatzeko egitaraua antolatu dute, otsailaren 26tik martxoaren 2ra bitartean.
Martxoaren 2ko ekitaldi nagusiaren atarian, bestelako proposamenak ere prestatu dituzte, jasotako ekarpenetatik. Honela, Aran Santamaria artista zumaiarrak Burugorri Ostatuko hormetan jarriko duen collage erakusketa irekiko da otsailaren 26an. Biharamunean, Patxi Bisquert aktore eta zuzendariak sortu eta auzolanean ekoiztutako Ombuaren itzala pelikula proiektatuko dute Lasturko elizan. Zuzendaria bertan izango da, eta solasaldia egingo dute bukaeran. Ondoren, otsailaren 28rako Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiorekin bertso afaria iragarri dute Bikain Jatetxean eta dagoeneko txartelak salgai daude, 25 euroren truke. Sokamuturra ere izango da larunbat arratsaldean 16:30ean kalebarrenean, Itziarko Larrabehi Elkartearen ekimenaz.
Urteurren ekitaldi nagusia martxoak 2 iganderako antolatu dute herriko plazan. 11:30ean da hitzordua eta herritarrak deituak izan dira oroitza ospakizun honen parte izatera. Bertan izango dira urte hauetan bidelagun izandako hainbat erakunde, eragile eta lankide ere, hala nola, inguruko ordezkariak eta beste auzo udaletako arduradunak. Ekitaldian agerraldi ofiziala egingo dute Alazne Txurruka Debako alkateak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Arantza Egaña Itziarko Auzo Udaleko alkateak.
Aurretik, zuzeneko musikak jantziko du goiza, eta dantza ikuskizuna eskainiko dute aurten hamar urte bete dituzten Itziarko umeek. Azkenik, luntxa ipiniko da bertako produktuekin, eguraldiaz babesteko ekitaldi honetarako jarritako behin-behineko karpa estalian bertan. Inguratutako herritarrei hagin landare bana emango zaie, gero norberak nahi duen lekuan landatu dezan.
Ekitaldiaren amaieran, 13:15ean, kanpai kontzertua izango da, Arientzako kanpai-jole eskolako kideen eskutik. Itziarko kanpandorreko kanpaiak erabiliz hainbat pieza joko dituzte, garai bateko kanpai-jole ofizioan oinarrituta eta herri ezberdinetako tradiziotik jasoak, gaur eguneko ikuspegi berritzailetik arituz.
Ospakizunerako tartea
Ekitaldiaren izaera instituzionalaren gainetik, "ospakizunerako egun eder bat" bilakatzea nahi dute eta horretarako herritar guztiak daude gonbidatuta. "Batez ere, herritarren gogo, borondate, aldarrikapen eta esfortzu nekaezina izan baitira Itziar auzo udal bilakatzea posible egin dutenak", adierazi du Arantza Egaña taldeburuak.
Ez da dena ospakizuna izango ordea. Hamarkada bateko perspektiba baliatuz, lehendik iragarria zuten ikerketa sozioekonomikoa egingo dute udaberritik aurrera, hori izango delarik urteko ekintza nagusiena.
"Dagoeneko hamar urte bete ditu Itziarko Auzo Udalak, denbora honetan eragile administratibo gisa sendotuz joan gara eta bistakoak dira egindako lanaren emaitzak. Hala ere asko dago hobetzeko oraindik, eta ezinbestekoa da erakunde nagusieko lankidetza batetik eta herritarrekiko harremana, bestetik", nabarmendu dute.
Dagoeneko hirugarren agintaldian murgilduta dute, "hasierako arazo eta oztopoak" gogoan dituztela ere adierazi dute. "Bidea ez da erraza izan, baina uste osoz egin dugu aurrera". Horren harira, joan den legealdian Debako Udalaren eta Itziarko Auzo Udalaren artean aho batez adostutako hitzarmena goraipatu dute. "Horrek jardueraren normalizazioa ekarri digu eta, gaizki ulertuak uxatuz, esku artean genituen hainbat proiektu garatzeko bidea erraztu digu".