Gutuna

Polizia gehiago zertarako?

Julen Iparragirre eta Xeber Matas (Mugimendu Sozialistako kideak) 2025ko mar. 18a, 10:20

Udaltzain bat.

Julen Iparragirre eta Xeber Matas Mugimendu Sozialistako kideek honako gutun hau bidali dute Gukaren erredakziora, Azpeitiko, Zumaiako eta Getariako udalek udaltzaingoaren lan deialdi publiko bateratua egingo dutela eta.

Zaharrak dira alderdi politikoek, bata bestearengandik bereizteko saiakeran, kudeaketa ereduaren inguruan izan ohi dituzten eztabaida antzuak eta etengabeak. Berriki ikusi dugu hori EH Bilduk gure eskualdeetako hiru udalerritan poliziaren inguruan atera duen proposamenarekin. Izan ere, Azpeitiko, Zumaiako eta Getariako alkateek udaltzain berriak kontratatzeko lehiaketa publiko bateratuaren berri eman dute orain dela gutxi. Alkateek "gertuko" eta "konfiantzazko" gisako izendapenak aitzakia gisa erabilita justifikatu dute gure herrietan polizia gehiago jartzeko neurria.

Horrela, kapitalismoaren aurpegi leunena erakutsi nahi digutenek, poliziaren beharrezkotasunaren inguruko eztabaida desitxuratu dute; poliziaren, eta gure herrien kasuan, udaltzaingoen kopurua handitu behar ote den galderari uko egiten dioten bitartean, fokua polizia berri horien nolakotasunean jarri baitute. Modu horretan, EH Bilduren proposamenak, herritarron beharrei erantzun baino, poliziaren normalizazioa bultzatzen du.

Gure ustez, zentzugabekeria da polizia gehiago jartzea gure herrietan. Batetik, kriminalitate txikia dagoelako, eta, beraz, aitzakia hori erabilita polizia gehiagoren presentzia argudiatzea falazia hutsa delako. Bestetik, eta guretzat garrantzitsuena dena, lehentasuna herritar guztiontzat bizi bitartekoak bermatzea izan behar duelako, delituak dauden kasuetan, askotan, lotura baitute pobreziarekin eta ongizate ezarekin.

Bestalde, udalak dio Udaltzaingoak herritarrei zerbitzuak eskaintzen dizkiela, baina, kontrara, bere izenak dioen moduan, Udaltzaingoak udalari eskaintzen dizkio zerbitzuak, batez ere; izan ere, berak ezarritako arauak betearazteko funtzioa duen gorputza da, besteak beste. Horrez gain, bestelako zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu, hala nola zenbait azpiegituren ateak ireki, galdutako objektuak gorde... Hala ere, ezin baiezta dezakegu funtzio horiek betetzeko inork polizia izan behar duenik.

Dena den, gatazka politikoak dauden kasuetan, argi ikusten da funtzio errepresiboa betetzen dutela udaltzaingoek: horrela bizi izan genuen pandemian, Ertzaintzarekin batera, paper hori gauzatu zutenean, baita Azpeitian VOX alderdi ultraeskuindarraren aurkako protestak erreprimitzera etorri zirenean ere. Kasu horietan argi eta garbi ikusten da Udaltzaingoak Ertzaintzak EAEn edo Foruzainek Nafarroan duten funtzio berbera daukala, eskala txikiagoan.

Gure herrietan dauden arazo nagusiak dira langile klaseko familia askok zailtasunak ditugula hilabete amaierara iristeko, etxebizitzarako eskubidea ez dagoela bermatuta, hainbat lantegitan kaleratze arriskuak daudela, gure mendiak eolikoz bete nahi dituztela eta abar. Beraz, eztabaidek, poliziaren nolakotasunaz baino bere beharrezkotasunaren eta gure eskualdeetan herritar guztion ongizatea bermatzeko proposamenen ingurukoak izan beharko lukete.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide