Saretzen

Autoa, jaun eta jabe

Aitziber Arzallus 2025ko mar. 27a, 08:00

Autoak aparkatuta, Getarian. (Guka)

Urola Kostako motordun hamar ibilgailutatik zazpi autoak dira, gasolina edo gasolioa erreta ibiltzen direnak, eta batez beste, dozena bat urteko antzinatasuna dute. Motordun ibilgailuen artean ezik, autoa errege da herritarrek egunerokoan egiten dituzten joan-etorrietarako erabiltzen dituzten garraiobideen artean ere.

Datu pare bat, hausnarketarako: Urola Kostan 76.500 lagun bizi dira gutxi gorabehera, eta baita ia 49.000 motordun ibilgailu ere, motordun ibilgailutzat motozikletak, ziklomotorrak, turismoak, furgonetak eta kamioiak hartuta. Berez gehixeago izango lirateke; izan ere, autokarabanak, traktoreak eta beste zenbait ibilgailu ez dituzte kontuan hartu zenbaketa hori egiterakoan.

2023ko datua da hori, eta zer pentsatua emateko modukoa da, nahiz eta beste erreferentziarik gabe zaila egiten den asko ala gutxi diren esatea. Konparaketa egiteko, hemen 2019ko datua: eskualdean motordun 47.000 ibilgailu zenbatu zituzten orduko hartan. Hortaz, lau urteko epean motordun 2.000 ibilgailu gehiago daude erregistratuta Urola Kostan; edo beste era batera esanda, %4tik gora hazi da motordun ibilgailuen parkea.

Eta lehengoen modu beretsuak izaten jarraitzen dute autoek beraiek ere; alegia, erregaitzat gasolina eta gasolioa erabiltzen dutenak. Azken urteeetan asko hitz egin da ibilgailu alternatiboen inguruan, eta horien erosketa eta erabilera sustatzeko hamaika eratako laguntzak iragarri dituzte erakundeek, baina datuek diote oraindik ere ia hutsala dela gisa horretako ibilgailuen presentzia. Eskualde guztian 183 auto elektriko besterik ez zeuden 2023an, eta 133 ziren petrolioa eta gas likuatua konbinatuta erabiltzen zuten autoak. 

 

Antzinatasunari dagokionean, berriz, ez dago esaterik eskualdeko motordun ibilgailuen parkea zaharra denik, baina ezta berri-berria denik ere. Autoen kasuan. esaterako, batez beste dozena bat urte dituzte Urola Kostako errepideetan dabiltzanek.

Ibilgailu motordunen artean ez ezik, herritarrek eguneroko joan-etorrietarako gehien erabiltzen duten garraiobideen artean ere nagusi da auto partikularra. Hain zuzen ere, lanegun arrunt batean, desplazamenduen %44 oinez edo bizikletaz egiten dituzte gipuzkoarrek, eta %42tarako hartzen dute autoa. Garraio publikoaren erabilera, aldiz, askoz murritzagoa da. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!