'Jose Manuelen ibilerak' aurkeztu du Baleikek, duela ehun urteko bizimoduaren erretratua

Baleike 2013ko urriaren 31

Imanol Azkuek idatzitako liburua aurkeztu du gaur Baleike Kultur Elkarteak. 1910-1920ko Zumaian bizimodua nolakoa zen azaltzen du, Jose Manuel Linazasorok koaderno batean eskuz idatzita utzi zituen txikitako oroitzapenak oinarri hartuta. "Duela ehun urteko kontuak koaderno batean idatzita jasota egotea ez da batere ohikoa, aparteko kasua da, eta balio berezia du", azaldu du Azkuek. Liburua 10 euroan dago salgai, Alondegian, turismo bulegoan eta establezimendu hauetan: Aizpurua, Otaño, Gar eta A3. Baleike Kultur Elkarteko bazkideek doan jasoko dute etxean. Gaurko aurkezpenerako Andoni Mendizabalek prestatutako ikus-entzunezkoa, Maialen Velardek kantatutako bertso sortako ale bat, eta Imanol Azkueri egindako elkarrizketaren –osorik aldizkarian– zati bat ikus eta entzun ditzakezue hemen.

Liburuaren nondik norakoak

Jose Manuel Linazasorok koaderno batean eskuz idatzita utzi zituen bere txikitako oroitzapenak, duela ehun urteko Zumaiako kontuak (1910-1920); Pasaian egin zituen urte gehienak. Semeen bitartez Koldo Izagirre idazlearen eskuetara iritsi zen koadernoa, eta hark Imanol Azkueri helarazi zion, duela bi urte, zumaiarrontzat interesgarria izan zitekeelakoan. Imanolek liburu baterako gaia ikusi, eta datuz, argibidez, argazkiz eta irudiz hornitu du koaderno hartan jasotakoa, erraz irakurtzeko moduan.

Jose Manuelen ibileretan eta koadernoan oinarrituta, orain dela ehun urteko Zumaiari begirada bat eman nahi izan dio Imanol Azkuek, orduko bizimodu eta gizarteari, eta gaur egungoarekin alderatu. Bost atal nagusi dauzka liburuak:

1. Sarrera: nola sortu zen egitasmoa, Jose Manuelen biografiatxoa eta koadernoaren deskribapena.

2. Jose Manuelen ibilerak. Koadernoko gauza batzuk konparatu, komentatu, eta zabaldu egiten dira, atalka.

3. 1910-1920ko Zumaia: garai hartako gizarteaz eta bizimoduaz beste datu batzuk ematen dira (izenak, lanbideak…).

4. Las andansas de Jose Manuel: faksimila da, koadernoa bera.

5. Bibliografia. Lana osatzeko erabilitako materialak eta iturriak.

Jose Manuel Linazasoro Arriola 1911n jaio zen Zumaian. 1922an Pasaiara joan zen bizitzera, aitari hango portuan eman ziotelako lana. Pilotari ona izan zen, punta-puntakoa; Txulofronton ezizena zeukan, pilota frontoiko txuloan jartzeko zeukan abildadeagatik. Tornularia izan zen lanbidez, Pasaian. 1970ean, 59 urte zeuzkanean, koaderno batean idatzi zituen, eskuz, txikitako hainbat kontu, 20 orrialdetan: jaiotza, familia, bizilekua, jolasak, eskola, bizimodua… 1975ean hil zen.

Bazkideek doan

Baleike kultur elkartearen izenean Xabier Azkuek eskerrak eman dizkie Zumaiako Udalari eta Laboral Kutxari, garai zail hauetan horrelako liburu bat argitaratzeko bultzada emateagatik. Liburua doan banatuko zaie Baleikeko bazkideei, azaroko zenbakiarekin batera. Gainerako aleak salgai jarriko dira, 10 €-an, Alondegian, turismo bulegoan eta establezimentu hauetan: Aizpurua, Otaño, Gar eta A3n.

 Liburuaren aurrerapena

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide