Mapa interaktiboa: Urolaren itsasadarra berreskuratzeko 12 proposamen (+bat)

Baleike 2014ko urtarrilaren 9a

Urola ibaiaren itsasadarra berreskuratzeko Plan Nagusia  idatzi du Zumaiako Udalak. Santiagoko hondartzan hasi eta Oikiaraino, 12 proposamen nagusi jasotzen ditu dokumentuak, eta Eusko Jaurlaritzaren ekarpen bat gehitu zaio. Mapa interaktibo honetan kokatu ditugu. Berdez marraztuta ageri da babestuko den eremua, eta puntuetan topatuko dituzue azalpenak eta argazkiak. Plan Nagusiaren nondik norakoak ezagutzeko, hemen daukazue Baleike aldizkarian argitaratutako erreportajea.

Urola ibaiaren itsasadarra berreskuratu nahian

Urola ibaiaren itsasadarra berreskuratzeko Plan Nagusiaren tramitazioak aurrera doa. Getariako eta Zestoako udalen oniritzia jaso ondoren, Zumaiako Udaleko azaroko Udalbatzak behin-behineko onarpena eman zion dokumentuari. Behin helegiteen epea amaitzen denean (urtarrilaren erdialdera), Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren oniritziak jaso beharko dira behin betiko onarpena emateko. 2014ko erdialdera onartuko dela espero da.

Urolako itsasadarra, Santiagoko hondartzan hasi eta ibaian gora eginda Oikiaraino doan eremua (artadia barne, baina ez Narruondoko erreka), Natura 2000 sarearen parte da eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak orain urte batzuk. “Izendapen horrekin legedi aldetik koska bat igo zitzaion. KBE izendatzean ez da esaten zer egin behar den ingurune horretan; dio eremu hori babestu egin behar dela eta helburu batzuk lortzeko diru laguntzak eskatzeko aukerak ematen ditu”, azaldu du Udaleko Ingurumeneko zinegotzi Aitor Leizak. Behin-behinekoz onartu den dokumentu honekin ingurunea babesteko beste pauso bat eman nahi izan du Udalak. “Hirigintzan erabiltzen den figura bat aukeratu dugu, Plan Nagusia. Horrekin babespen handiagoa lortzeko aurrerapauso bat eman nahi izan dugu”.

2012. urteko ekainean iragarri zuen Udalak proposamena. Udazkenean parte hartzeko prozesua jarri zen abian eta mahai teknikoak ere eratu ziren garai hartan. Bidezkoak bezala ikusi ziren proposamenak dokumentuan txertatu eta gero, Getariako eta Zestoako udaletara bidali zen haien oniritzia jasotzeko. Kontuan hartu behar da babestu nahi den itsasadarreko bi gune, Santiagoko hondartzaren zati bat eta Bedua, hurrenez hurren, Getariakoa eta Zestoakoa direla eta bi udal horien baiezkoa beharrezkoa zela Zumaiak prozesua tramita zezan. Zestoak ez zuen oztoporik jarri; Getariak bai, ordea, baina bizpahiru hilabeteko kontraesanen ondoren, baiezkoa eman zuen.

Hurrengo urratsak Gasteizen eta Madrilen

Behin helegiteak aurkezteko epea amaitzen denean, tramitazioak Gasteiz eta Madrilerako bidea hartuko du: Zumaiako kaiaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena da; kostarena, aldiz, Espainiako Gobernuarena. Udal ordezkariak Madrilen izan ziren orain pare bat hilabete, Ingurumen Ministerioan, Santiagorako zuten proiektua azaltzen. Harrera ona izan zutela azaldu du Leizak.

Denborarekin eta jasotako ekarpenekin, Planaren izaera zabaltzen joan dela informatu du zinegotziak. “Hasieran espero genuen ingurumenarekin lotutako plana bakarrik izango zela, eremu jakin batzuk berreskuratzeko. Plana, baina, handitzen joan da eta beste arlo batzuk ere landu ditugu, hala nola, kultura edota arkeologia”.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak idatzitako txosten batean jasotzen denez, Urolakoa Euskal Herri mailan dagoen itsasadar garrantzitsuenetako bat da “bere landaretza eta faunagatik”. Ez hori bakarrik: ekosistema berreskuratzeko aukera handiak dituela ondorioztatzen du txostenak. Zumaiako padura bezalako habitatak, Euskal Autonomia Erkidegoan urriak direla azaltzen du dokumentu honek, eta Uroilako itsasadarrean “ondo irudikatuta” dagoela gaineratzen du. Santiagoko duna “era ia naturalean Gipuzkoan azalera handiena duena” dela azaltzen du txostenak eta Barbadun, Zarautz eta Gorlizekoekin batera, “Euskal Herrian dagoen bakarretakoa”. Horregatik, “multzoaren babespenari lehentasuna eman behar” zaiola azaltzen du. Behin Plan Nagusia onartzen denean, altxor ekologiko honen babespen maila handitzeaz gain, zaintzeko eta berreskuratzeko zenbait ekintza bideratuko dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide