"Orain esan dezaket frontoia izango dugula"

Baleike 2014ko urtarrilaren 27a

2007ko azaroan Odieta eraitsi zenetik, pilotaleku faltak zenbat buruhauste, eztabaida eta haserre eragin ote ditu; zenbat eragozpen, neke eta atsekabe. Sei urte luze joan dira, udal arduradunak arazoa nola konpondu asmatu ezinda, eta pilotari eta pilotazaleak gabeziaren ondorioak pairatzen. Badirudi, baina, bidegurutzea amaitzera doala. Joan den abenduaren 20an sinatu zuten kontratua Udalak eta Sukiak, aurrez hitzartutako berme guztiak bete ondoren, 18 hilabeteko epean frontoia eraikitzeko. "Oraingoan, bai, oraingoan esan dezaket, lurrikara gertatzen ez bada, frontoia izango dugula", esan du Iñaki Agirrezabalaga alkateak. Pilota elkarteko ordezkari Jexux Iribar eta Aitzol Etxabe ere baikor dira.

Zenbat buelta eman dituen frontoiaren gaiak, azkenean, katramilatu zen leku beretsutik askatu da korapiloa. 2003ko otsailean Udalak eta Promociones Salbide SL. enpresak sinatutako hirigintza hitzarmenaren arabera, salmenta libreko 35 etxebizitza gehiago egiteko baimenaren truke udal pilotaleku berria eraikiko zuen enpresak. Etorri zen krisia, etxebizitzen merkatuak porrot egin zuen eta Salbidek ezin izan zion hartutako konpromisoari aurre egin. Hor hasi zen amesgaiztoa. Sokatira luzearen ondoren, 2009an tratua egin zuten Udala eta enpresaren artean: pilotalekua eraikitzeko konpromisotik libre geldituko zen Salbide, balio berean tasatutako bi lursail Udalaren esku utzita.

Bi bi lursail horien jabe, pilotalekuaren gaiari irtenbidea emateko ekimena Udalaren esku zegoen berriro. Aztertu zuten merkatuan salgai jarri eta ateratako diruarekin pilotalekua Udalak berak eraikitzea, baina bide hori baztertu egin zuten. "Aukera hori mahai gainean izan genuen, baina prozedura aldetik berme gehiago eskaintzen zituen hartu genuen bideak". Hau da, beste hirigintza-hitzarmen bat: frontoia etxebizitzen truke. Saio bat baino gehiago egin behar izan da aurrera atera dadin –lehen lehiaketa ustela atera zen– eta, aurrekoaren eskarmentuarekin, hainbat berme eskatu dira alde guztietatik ezer sinatu aurretik. Esate baterako, etxebizitza kopuru jakin bat salduta behar zuen enpresa sustatzaileak, horrekin frontoiaren balio bereko diru bermea lortu eta Udalaren esku jartzeko. Horrek zirudien koska zailena baina, zorionez, gainditu da; abenduaren 20an sinatu zen Udala eta Sukiaren arteko kontratua.

Kontratu horren arabera, Sukiak 18 hilabeteko epea du pilotalekua amaitzeko –bi urte aurreikusi ditu Ardantzabideko etxeak egiteko–. Udaleko arkitektoa eta aparejadorea arduratuko dira lanak zuzentzeaz, eta egun hauetan proiektuaren ezaugarri teknikoak aztertzen eta zuinketa akta ari dira prestatzen –lanei hasiera emateko behar den agiri teknikoa–. "Otsail erdialderako edo amaierarako prest egongo da zuinketa akta, eta hortik aurrera enpresa lanean has daiteke; orduan hasiko dira 18 hilabeteak kontatzen", azaldu du alkateak. Frontoia eraiki ahala, Udalari emandako diru bermea berreskuratuko du Sukiak.

Sei urte herritik kanpo

Frontoi falta gehien pairatu dutenak, jakina, pilotariak izan dira. Batik bat, zesta punta eskolako haurrak. Astean bitan Getaria edota Aizarnabalgo pilotalekuetan entrenatu behar izaten dute, eta etxeko partidak ere kanpoan jokatu behar. Gurasoei ahalegin handia eskatzen die atzera eta aurrera ibili behar izateak, eta horrek azkenean eragina izan du. "Lehen, Odietan, 45-50 inguru izaten ginen, adin guztietakoak; orain 31 gara, eta seniorrak gaztetxoak baino gehiago", azaldu digute pilota elkarteko kide Aitzol Etxabek eta Jexux Iribarrek.

Behin kontratua sinatuta, frontoi berria egingo dela segurutzat jotzen dute, eta ilusio handiarekin begiratzen diote zabalduko den garai berriari. "Elkartearentzat aldaketa handia izango da, denerako, entrenatzeko, geu hobeto antolatzeko...". Kezka bat badute, ordea, ez ote den pilota giroa galdu Zumaian frontoirik gabeko urte hauetan. "Odieta plazan bertan zegoen, berria herrigunetik kanpo egongo da. Pilotaleku handia izango da, eserlekua asko izango ditu, eta denon artean aurre lan bat egin beharko genuke pilotazaletasuna pizteko eta jendea berriro pilotalekura erakartzeko".

54 metro, 700 eserleku

Zesta puntarako neurri egokiak izango dituen pilotalekua izango da, eta horrek luzeran izango du eragina batik bat. "Frontoi luzea izango da, 54 metrokoa. Frontisean eta zabaleran ez dago alderik eskuzko pilotalekuekin, baina errebotea oso urruti geldituko da". Eskuz jokatzeko egokiagoa da frontoi motzagoa, baina biak ados daude –Jexux eskuzko eskolaz arduratzen da, Aitzol zesta puntakoekin dabil– zesta puntaren premiak asetuko dituen azpiegitura behar dela. Luzea izateaz gain, 700 eserleku izango ditu, eta horrek aukera emango du pilota jaialdiez gain beste mota bateko ikuskizunak ere ekartzeko.

Kantxaz gain, taberna, komunak, aldagelak, gimnasioa eta hainbat gela izango ditu. Oraindik frontoiaren eta tabernaren kudeaketa eta gelen erabilera erabakitzeke daude. "Izena ere hasi beharko dugu pentsatzen; galdeketa antolatu beharko duzue herritarren artean", bota digu erronka Iribarrek.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide