Maria eta Joseko irakasle Joxean Elorza hil da asteburuan

Baleike 2014ko otsailaren 10a

Berri gogorra ekarri digu asteburuak. Maria eta Jose ikastetxeko irakasle Joxean Elorza hil da, 51 urte zituela. Zarauztarra bera, 30 bat urte zeramatzan Maria eta Josen eskolak ematen –1983ko irailean hasi zen–. Irakasle bereziki maitatua, konpromiso handia erakutsi zuen Zumaiarekiko, hainbat ekimenetan parte hartuz, bereziki euskararen inguruan –Zumaiako euskara aholku batzordeko kide zen–. Hileta elizkizunak gaur izango dira, Zarauzko parrokian, 19:00etan. Bere ikasle izandako Unai Manterolak zuzenduko du meza. Hutsune handia utziko duk Zumaian, Joxean; saiatuko gaituk denon arten betetzen. Jarraian irakur ditzakezue ikasle ohiek, lagunek eta eskolako lankideek idatzi dizkioten bertsoak:

Euskararen Aholku Batzordearen oharra: "Gugan bego"

Txiki ginela gure bidean

bizitzak zintuen jarri,

hainbesterentzat zu izan zinen heziketaren oinarri.

Mila alditan elkarren pozez egon gara, ta gaur larri...

Eskerrik asko "maixu" maitea,

oroituko gara sarri;

begiak itxiz zu sumatzea

izan bekigu pozgarri.

Ikasle ohiak eta lagunak

 

Maria eta Jose ikastetxetik lerro hauek idatzi dituzte:

Joxean Elorza Aranberri (1962-07-16), gure “maisua” joan zaigu. 30 urte (1983.urteko irailetik) zeramatzan gurekin lanean, gelditu gabe. Zenbat proiektu, zenbat bidaia, zenbat ordu…. Ikasle, lankide, guraso eta herriko taldeekin, nekaezina benetan.

Irakasle bokazioz,

adiskide on, zutabe.

Maisu! Bizitzan egina

hainbeste bihotzen jabe.

Oroimenean bizirik

gorde zaitugu ta halere,

zein zaila egingo zaigun

gure geroa zu gabe.

Maria eta Jose ikastetxea

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide