Martxoaren 1ean, larunbata, Inauterietako mozorro lehiaketak egingo dira, baina aurten bada berrikuntzarik: helduen lehiaketa internet bidez egingo da plazan egin beharrean –parte hartze eskasa izan du azken urteotan–. Parte hartu nahi dutenei argazkia aterako zaie Kofradiako plazan edo Oxforden –eguraldiaren arabera–, eta ondoren internet bidezko bozketa publikoak erabakiko ditu sariak. Udalarekin elkarlanean, lehiaketa baleike.com-en egingo da, martxoaren 2tik aurrera.
Internet bidezko bozketaz gain, larunbatean bertan, epai-mahai bat ibiliko da kaleetan mozorroak baloratzen, eta honek ere sariak emango ditu. Bi sari izango dira beraz, internet bidezko bozketarena eta epai-mahaiarena. Eta bi izango dira kategoriak: bakarka edo bikoteka (80 euro onenari), eta taldeka (120 euro onenari).
Haurren mozorro lehiaketa orain arte bezala mantenduko da. Larunbatean egingo da, 18:30etik aurrera, Beheko plazan. Izen-ematea 17:30ean zabalduko da eta norbaitek musika jakin bat erabili nahi badu aldez aurretik prestatuta eraman beharko du.
Kartel lehiaketako publikoaren saria
Maria Lopezen kartel koloretsuak irabazi du aurtengo kartel lehiaketa, baina oraindik herritarren saria erabakitzea falta da. Martxoaren 2ra arte egongo dira ikusgai lehiaketan parte hartu duten kartel guztiak Alondegiako sarreran. Bertan bozka daiteke, eta boto gehien lortzen duenak bi lagunentzako afaria irabaziko du. Bozketan parte hartzen duten herritarren artean bi liburu sorta zozkatuko dira.