Larunbat arratsaldetik etxean dira Juan Belmonten luiziak kaltetutako bizilagunak

Baleike 2014ko martxoaren 10a

Ostiralean 15:00etan hasi ziren Talaimendiko malda egonkortzeko lanak eta larunbat eguerdirako bermatuta zegoen segurtasuna. Horrela, Juan Belmonte 51ko bizilagunek etxera bueltatzeko aukera izan ziren zuten larunbat arratsaldean, gau bat etxetik kanpo pasa ondoren. Oraingoz behin-behineko erantzuna eman zaio arazoari, eta Udalak azterketan egiten jarraitzen du behin-betiko irtebidea aurkitzeko.

BIDEOA: Luizia Talaimendin

Juan Belmonte kalearen bukaeran luizia izan zen maldan segurtasuna bermatuta dago larunbat eguerditik. Hala ere, nahiz eta erortzear ziren lur zatirik handienak finkatu, inguruak oraindik ere itxita jarraitzen du; oraindik lur zati txikiak erotzeko arriskua dago, batez ere, eguraldi txarra egiten badu. Beraz, seinaleak eta zintak errespetatzeko eskatzen die Udalak herritarrei.

Behin-behinean eman zaio irteera arazoari, baina Udalak hegal horren segurtasun arazoa konpontzeko, luizia izan aurretik hasita zituen azterketa teknikoak egiten jarraitzen du, arazoari irtenbide integrala eman asmoz. Behin azterketak eginda, inguruko bizilagunekin elkartu eta asmoen berri emango duela iragarri du prentsa oharrean.

Bizilagunen eta langileen jarrera ona eskertu du alkateak

Ostiral goizaldean gertatu zen luizia eta Juan Belmonte kaleko 51. atariko bizilagunak etxetik aterarazi zituzten. Larunbat arratsaldera arte ez zuten itzultzeko aukerarik izan. Iñaki Agirrezabalaga alkateak esker oneko hitzak izan ditu bizilagunentzat: "Hasieratik ulertu dute arazoa, eta eskertzekoa da erakutsi duten jarrera". Lanean aritu direnak ere goraipatu ditu: "Eskertzekoa da ostiral osoan eta larunbat eguerdira arte lanean aritu ziren behargin eta teknikoen lana. Epe oso laburrean normaltasunera itzultzeko lan asko egin baitute".

 

 

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide