Animalien ordenantza dela-eta hainbat kontu zehaztu nahi izan ditu Udalak, prentsa ohar honen bidez."Ordenantza berria osatzeko, Eusko Jaurlaritzak onartua duen 101/2004 dekretua izan du Udalak oinarri. Hau da, herrian arlo hori zehazki arautzen duen ordenantzarik ez balitz bete beharreko araudia, alegia. Dekretu horren 4. artikuluan zehazten da txakurrak noiz, non eta nola ibili behar duten lotuta, eta artikulu horixe da hasierako onarpena eman zitzaion ordenantzan agertzen dena, ez gehiago ez gutxiago.
Hala ere, Zumaiako Udalak onartzen du txakurrak aske ibiltzeko aukera izan behar dutela, beti ere, modu kontrolatu batean, beste herritarrei inongo arazorik eta oztoporik sortu gabe, eta horren inguran adostasun bat lortzeko hitz egiteko prest dago.
Herrian arazo ugari izaten dira txakurrekin, eta kexa ugari jasotzen dira Udalean. Arazo ezberdinen aurrean neurri zehatzak hartu izan dira orain artean, eta horretan jarraituko du hemendik aurrera ere. Azken arazo larria, adibidez, pasa den asteburuan izan da. Arraza arriskutsuko txakur batek hozka egin dio 10 urtez azpiko haur bati. Txakurrak ez zuen txipik, aske zebilen… Eta hori azken adibide bat soilik da; asko dira sortzen diren arazoak.
Isunei dagokionez, berriz, honakoa zehaztu nahi du: isunak Udalak jarriko ditu. Arau hauste bat gertatzean, udaltzainek eta udaleko hainbat langilek aktak jaso ditzakete arau haustearen berri emanez, ondoren, Udaleko arlo juridikoak erabakiko du arau haustearen larritasuna eta jabeak jaso beharreko ondorioak.
Hala ere, isunak jartzea ez da inondik inora Udalaren helburua. Animalia eta herritarren arteko bizikidetza egokia lortu nahi da, eta horretarako sen onez jokatzea besterik ez da behar".