Goizeko bostak aldera izan dira bi lapurretak, eta bietan sartzeko sistema berbera erabili dute ateko sarraila puskatzeko. Diru askorik ez dute eraman, baina Zallan makina eta altzari batzuk puskatu dituzte.
Goizeko bostak aldera Zalla tabernako alarmak jo du. Segurtasun enpresako guarden zain egon gabe, tabernara gerturatu da jabea. Kalari parera iritsi denean, tabernako atetik norbait ateratzen ikusi du. Oihu egin dio jabeak, eta lapurrak ziztu bizian alde egin du eskaileran gora. Kanpoko ateko sarraila puskatuta zegoen, eta barruan tabako eta txanpon-makinak lehertuta. Alarmaren bila ere ibili da lapurra, itzali nahian, eta altzariren bat hautsi du. Diru askorik ez du eraman, hala ere.
Uzkudun tabernan goizeko 10etan ohartu dira lapurretaz, sukaldaria lanera joan denean. Tabernako jabe Luismarik azaldu digunez, bera goizeko laurak aldera arte egon zen bertan. "Zallarena eta hau segidan izango ziren. Sistema berbera erabili dute atea irekitzeko. Sarraila puskatzeko makina bat erabiltzen omen dute". Uzkudunen ez diete ezer txikitu. "Ez dute ezer puskatu, eta diru askorik ere ez dute eraman. Diru-makinatik 300 bat euro eta tabako makinatik 500 inguru". Botila batzuk ere lapurtu dizkiete.