Angulen inguruan 2013ko otsaileko Baleike-n argitaratutako erreportajearekin irabazi du Gorka Zabaletak Caf-Elhuyar saria, zientzia-kazetaritzaren arloan. Hirugarren urtez jarraian saritu du epaimahaiak Zabaleta: iaz Ikaragarri bero zegoen zopa moduko bat zen hasieran unibertsoa lanagatik, eta 2011ko edizioan Itsas hondoa eskura. Mapetan agertzen ez den mundua artikuluagatik, bi hauek ere Baleike aldizkarian argitaratuak. Bideoan ikus dezakezue epai-mahaiaren balorazioa eta Gorka Zabaletak gaur Bergarako Errekalde jauregiko ekitaldian saria jasotzean emandako azalpenak.
Erreportaje saritua: 'Angulari erradiografia'
Urola ibaian angula kopurua ugaritzeko saioa egin zuen Aztik 2013ko urtarrilean. Itsasadarrean bi kilo angula arrantzatu zituzten Zumaiako angulazaleek eta, biharamunean, Urola ibaian gora askatu zituzten, Azkoitia eta Zumarraga artean. Zabaletak erreportaje zabal batean eman zuen horren berri Baleike aldizkarian eta baleike.com webgunean, eta, epaimahaiaren esanetan, “erreportaje bikaina da, eta gaur egungo kazetaritzaren eredu, primeran erabili baititu baliabide guztiak: testua, argazkiak, bideoa, papera eta Internet. Hizkuntza eta egitura egokiak ditu, eta azalpen interesgarriak”.
Aurtengo epaimahaia osatu dute Elhuyarren zuzendari nagusi Leire Canciok; ekologo, EHUko ikertzaile, eta zientziaren dibulgatzaile Arturo Elosegik; kimikari, EHUko ikertzaile, eta zientziaren dibulgatzaile Marian Iriartek; UEUren Inguma datu-basearen kudeatzaile Uxune Martinezek; eta HEKIMENeko zuzendari eta kazetari Alberto Barandiaranek.