Jubenil mailako Espainiako Txapelketako zortzi ligaxketako bat antolatuko du Pulpo eskubaloi taldeak asteburuan. D Multzoan jokatuko dute Pulpok, Granollersek, Corazonistasek eta Anaitasunak, eta onenak lortuko du zortziko finalerako txartela. Partida guztiak Lubaki kiroldegian jokatuko dira, ostiralean hasi eta igandera arte. Hemen dauzkazue jardunaldiak. Bestalde, Pulpoko alebinek lan ona egin dute Corraleseko (Kantabria) txapelketan.
Santelmoekin batera eskubaloiaren festa izango da asteburuan Lubaki kiroldegian. Aurten ere goi mailako eskubaloi taldeak ikusi ahal izango dira lehian, eta bakar batek lortuko du azken faserako txartela. Horrela gelditu dira jardunaldiak:
Ostirala 25
17:45ean, Anaitasuna-Corazonistas
19:45ean, Pulpo-Granollers
Larunbata 26
16:30ean, Anaitasuna-Granollers
18:30ean, Corazonistas-Pulpo
Igandea 27
10:30ean, Granollers-Corazonistas
12:30ean, Pulpo-Anaitasuna
Alebinak Kantabrian
Aste Santuan Kantabrian izan dira Pulpoko alebinak, Corralesen urtero antolatzen den txapelketan. Ehundik gora taldek eta 1.300 jokalarik baino gehiagok hartu dute parte. Mutilek ez zuten lortu emaitza bikainik. A taldeak Kantabriako San Roman taldeari irabazi zion eta bi partida galdu zituen. B taldeak hiru partidak galdu zituen, baina txapelketako irabazle Valladolideko Delicias taldearen aurka oso partida ona egin zuten, 22-20 galdu arren.
Nesken bi taldeek berriz maila bikaina erakutsi dute. Nafarroako loiolari, Asturiasko Riscarri, Palentziari eta Kantabriako Reocini irabazi eta gero, finalerako aukerekin iritsi ziren bi taldeak larunbateko jardunaldira. Pulpo A-k ez zuen aukerarik izan Galiziako Redondelaren aurka (7-19), baina B taldea gertuago egon zen Nafarroako Lagunaken aurka. Azken unera arte saiatu ziren, baina azkenean 17-19 galdu zuten eta ezin finalerako sailkatu. Lagunakek irabazi zuen txapelketa, hain zuzen ere.