Eguraldia ez bada oztopo, San Telmo Egunean pilota partidak jokatuko dira Odieta frontoian, 17:00etan hasita. Emakumeek emango diote hasiera jaialdiari, palazko partida batekin. Ondoren, gizonezkoak, eskuz. Hemen jaialdia eta pilotarien gaineko xehetasunak:
Jaialdia
Emakumezkoak palaz: Amaia Irazuztabarrena-Ariane Arrieta / Maider Mendizabal-Maider Huizi
Gizonezkoak eskuz: Jokin Iriondo-Josu Uzkudun / Iribar anaiak, Urtzi eta Oihan
Gizonezkoak eskuz: Iurgi Larrañaga-Ander Imaz / Peru Labaka-Julen Urruzola
Pilotarien inguruan
Maider Mendizabal anoetarra erreferentzia bat da pilota munduan, eta, adinean aurrera joanik ere, oraindik goi mailako onenekin jokatzen ari da. Beste Maider, Amaia eta Ariane hernaniarrak dira. Ariane eta Maider jubenilak oraindik, baina nagusien goi mailan jokatzen ari direnak. Amaia aurrelariak berriz iaz ere jokatu zuen Zumaian eta pasa den munduko pilota txapelketan hirugarren postua lortu zuen 22 urtez azpiko trinkete modalitatean.
Jokin Iriondo Aizarnazabalgoa, Andres Iriondo pilotari ezagunaren semea, Zumaian bizi dena azken urte hauetan eta aurrelari trebea aurre koadroetan. Josu Uzkudun errezildarra, urte askoan goi mailan jokatzen ari den atzelari fina. Urtzi eta Oihan Iribar anaiak berriz, hortxe dabiltzanak galtza zuriak jantzita txikitatik ere, eta asko jokatu beharko dutenak bikote aurkariari irabazteko.
Iurgi Larrañaga azpeitiarra, Uzkudunen ohiko bikote laguna, eta oraindik ere goi mailan jokatzen ari den aurrelari ona. Ander Imaz oiartzuarra, 19 urtekin afizionatu mailako atzelariririk onenetarikoa. Peru Labaka, 17 urteko aurrelari zizurkildarra, oso pilotaria eta aurre koadroetan joko handia ematen duena. Eta Julen Urruzola 23 urteko asteasuar pilotari bikaina, eskuetako arazoekin urte latz batzuk pasa ondoren, gaur egun afizionatu mailan dagoen atzelaririk onena behar bada.