Espainiako Txapelketako ligaxkako lehen jardunaldian garaipen handia lortu dute Pulpoko jubenilek, Granollersi 37-34 irabazita. Horrela, urrats garrantzitsua egin dute zumaiarrek lehen postua lortu eta Espainiako Txapelketako zortziko finalean sartzeko. Hala ere, oraindik asko borrokatu beharko da, bihar Aragoiko Corazonistaren aurka eta, batik bat, igandean Iruñeako Anaitasunaren aurka. Anaitasunak gaur 36-25 irabazi dio Corazonistasi. Hemen irakur dezakezue Izaskun Urbietak egin duen kronika.Partida zaila aurreikusten zen Granollersen aurkakoa. Kataluniarrak oso indartsu hasi dira gainera; beraien jokoa egiten, eta ate aurrean erabakitzen. Hala, zumaiarrek hasiera korapilatsua izan dute. Esate baterako, 20. segundoan Kauldi Odriozola bi minutuz kaleratua izan da. Bat gehiagorekin, kataluniarrak nagusi izan dira, eta lau goleko aldearekin jarri dira. Baina, pixkanaka urduritasunak alde batera utzi, eta Pulpokoek duten maila eta kasta atera dute, partida orekatzea lortuz: 15-15. Handik aurrera parekotasuna erabatekoa izan da, eta atsedenaldira berdinketarekin joan dira: 19-19.
Bigarren zatiak emozioa, urduritasuna eta adrenalina izango zituela nabaria zen. Emaitza borobiltzeko osagai guztiak. Ez dute hutsik egin bi taldeek. Buruz buru aritu dira, hutsak egin dituzte, asmatu ere egin dute, zalegoa jaiki arazi dute… Amorrua sentitu dute, poza. Gol baten aldearekin ibili dira, gora eta behera. Baina 27na berdindu duten momentutik aurrera, ihes egin eta bost goleko abantaila izatea lortu dute zumaiarrek: 33-28. Handik aurrera tentsioa nabaria izan da, bai eskubaloiko pistan nahiz harmailetan. Txartel horiak izan dira; bai talde batean, zein bestean. Azkenean, 37-34 amaitu dute. Pulpo garaile. Zaleak txaloka, jokalariak pozez lehertuta. Heldutasuna erakutsi dute Pulpoko jokalariek, partidari beti neurria hartuta, azken unera egin dute lan, tentsioarekin baina burua hotz.
Kauldi Odriozola izan da, beste behin, taldeko goleatzaile nagusiena, 13 golekin. Jarraian, hiru taldekide izan dira, bakoitza 5 golekin, hurrengo goleatzaileak: Ander Torriko, Mikel Martinez eta Iñigo Aldai. Guztiak izan dira taldeak erakutsi duen grinaren eredu, baina nabarmentzekoa izan da Ander Olaizolaren lana, kadetea izanik, jubenilekin eman duen maila izugarria izan baita. Eta nola ez, Eneko Tena atezaina. Paregabe jardun du, geldiketa oso onak egiten. Talde lana hori da, eta guztiak elkar zoriondu dira amaieran.
Urrats handia eman dute Espainiako azken fasera sailkatzeko, eta estatuko 8 talde onenen artean sartzeko. Oraindik hala ere, bi partida geratzen zaizkie. Bihar lehena, Zaragozako Corazonistas taldearen aurka, arratsaldeko 18:30ean. Hauek, hain zuzen, gaur galdu egin dute Anaitasuna talde nafarraren aurka: 36-25. “Badirudi igandera arte aukerak izango ditugula, bihar, printzipioz, aurkaririk errazenaren kontra izango baitugu. Pixkanaka joan behar gara, hala ere” esan du Pablo Gutierrez laguntzaileak. Alex Oliden entrenatzailea pozik agertu da gaur taldeak erakutsi duen intentsitatearekin. "Lehen ere esan nuen talde honek ikasi behar zuela azken unera arte lan egiten, partidak irabazteko hasieratik amaierara egin behar zela lan, eta gaur erakutsi dute asko aurreratu dugula bide horretan".
Bestalde, harmailetatik norbait ibili da arbitroak zirikatzen laser batekin, eta litekeena da aktak ere jasota gelditzea. Horrek arazoak ekar ditzake eta Pulpokoek eskatu dute, mesedez, halakorik ez gertatzea berriro.