Alebin mailako Zumaiako hirugarren izan da Azpeitia Cupen Atletico Madrid, Villareal, Sevilla eta Bartzelona gainditu eta gero

Baleike 2014ko ekainaren 16a

 

Zumaiakoren alebin mailako taldeak sekulako txapelketa jokatu du asteburuan Azpeitian. Espainiako talde indartsuenek hartzen dute parte bertan jokatzen den Azpeitia Cup txapelketan eta zumaiarrak, txapelketa bikaina jokatu ondoren, hirugarren postuan sailkatu dira.

Aste Santuan hasi zen txapelketa Zumaiakorentzat. Gipuzkoa osoko taldeak atariko fase bat jokatu zuten asteburu hontan jokatu den azken faserako sailkatzeko. Lehen mailako taldeak azken faserako zuzenean sailkatzen dira baina besteek bertan egoteko borroka egin behar zuten lau talde besterik ez baitziren sailkatzen. Horietako bat izan zen Zumaiako.

Asteburu honetan, sei taldek osatzen duten multzoan sartu zuten Zumaiako. Talde horretan Atletico de Madrid, Villareal, Quintana, Antiguoko eta Espanyol zeuden. Ostiralean hasi zen txapelketa eta lehen aurkaria Atletico de Madrid izan zen. Gazteak urduri zelairatu ziren eta lasaitu zirenerako galtzen zeuden jada 1-0, penalti baten ondorioz. Zumaiarrak lasaitu egin ziren eta partidari buelta eman zieten 1-4 irabazten bukatzeko.

Ostiraleko sorpresaren ondoren, larunbat goizean mutilek hiru partida gehiago jolastu behar izan zituzten. Gainera, partida guztiak ia atsedenik gabe jokatu zituzten, bata bestearen atzetik. Villareal zen aurkaria goizeko lehen partidan eta Zumaiakok 2-0 irabazi zuen. Mutilek kanporaketetara sailkatzeko aukera ikusten zuten. Horretarako, Extremadurako Quintana menderatu behar zuten. eta bai egin ere. Emozioz betetako partida batean 3-2 gailendu ziren. Txartela ia eskura zuten.

Hurrengo aurkaria Antiguoko taldea zen. Antiguoko Gipuzkoako selekzio bat da eta oso zaila zuten irabaztea mutilek baina zuten kasta guztia aterata, eta galtzen hasi arren, 2-1 irabazi zuten partida.

Arratsaldean presiorik gabeko partida bat jokatu zuten Españolen aurka, jada mutilak final laurdenetan baitzeuden. Partida 1-0 galdu zuten mutilek baina lehen postuan bukatu zuten taldeetako fasea.

Igandean kanporaketa fasea jokatu zen eta Zumaiakori Sevilla taldea suertatu zitzaion aurkari. Ilusioz gainezka zelairatu ziren gazteak eta partida irabazi zuten (1-0). Finalerdietan zeuden mutilak, atariko fase batetik iritsitako talde bat final erdietan. Aurkaria, berriz ere Espanyol.

Final erdietan, Zumaiakok ezin izan zuen irabazi, Espanyoleko talde indartsuak (ondoren txapeldun izango zena) ez zien aukerarik eman mutilei eta 2-0 galdu zuten kataluniarren aurka. Hirugarren eta laugarren posturako lehian

Bartzelonari 1-0 irabazi zieten eta hirugarren postua eskuratu zuten.

Bikaina izan da mutil hauek egindakoa, estatuko talde hoberenen aurka jokatzeko aukera izan eta gainera aupegia eman, nola gainera!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide