Patxi Frances: “Jarrera bikaina eta gogo asko dituen talde batekin aurkitu naiz”

Baleike 2014ko ekainaren 20a

Igande honetan hasiko da traineru denboraldia, Zumaian jokatuko den KAE 1eko estropadarekin. Bertan izango da Zumaiako ontzia, aurredenboraldian erakutsitako itxura ona berresteko asmoarekin. Gaur aurkeztuko du Zumaiako Arraun Elkarteak aurten arraunlariak eta taldeak, Arranplan 19:00etan egingo den ekitaldian. Aurretik Patxi Frances entrenatzailearekin izan gara. Hona hemen berak esandakoak.

Arraun Elkartea, ilusioz betetako denboraldiaren atarian

Iaz maila galdu ostean, KAE ligan egingo dute arraun Zumaiako Arraun Elkarteko mutilek. Etxean izango dute estreinaldia igandean, Zumaiako XIX bandera izango baita jokoan. Santi Zabaletak utzitako lekua, Patxi Frances donostiarrak hartu du “pozik eta gustura egin didaten harrerarekin”. Elkarteko aspaldiko ezaguna (1988an bertan egin zuen arraun), bera izango da mutilak gidatuko dituen pertsona. “Arraunlariei ilusioa berpizteko urtea izatea nahi dut”.

-Nola aurreikusten duzu denboraldi berri hau KAE mailan? Zein izango dira aurkaririk zuzenenak?

Printzipioz, Santurtzi, Lekittarra, Getaria, Ondarroa eta gu ikusten gara ohorezko txandan parte hartzeko talderik sendoenak. Gu boston artean aurreikusten dugu borrokarik handiena.

-Nola joan zaizue aurredenboraldia?

Entrenamenduak eta planifikazioa orokorrean, liga hasieran ongi egoteko bideratuak egin ditugu. Neguan esaterako bi estropada izan genituen, Orion eta Pasai San Pedron. Baina garai horietan emaitzez hitz egitea azkar eta ez jakinean hitz egitea da oraindik, talde bakoitzak bere lana ezberdin egituratua izaten baitu. Orain, liga hasi aurretiko azken bi estropada izan ditugu, bata Mutrikun eta bestea Lekeition. Azken honetan, oso estropada ona egin genuen. Baina beno, aurre denboraldia zen, eta ikusiko dugu nola joaten zaigun hemendik aurrera.

-Maila galdu ondoren, nolako animoa dute arraunlariek?

Egia esan, animo askoko talde batekin aurkitu naiz. Alde batetik falta zaiguna, potentzia esaterako, animoekin eta ilusioarekin ordezkatu dute. Jarrera bikaina dute, gogoa, eta hori oso garrantzitsua da. Bestalde, aldaketak izan dituzte: entrenatzailea, prestatzaile fisikoa, arraunketa modua… Hauek guztiak, modu batean edo bestean, ilusioa berpiztea eragiten dute. Gustura ikusten ditut, eta uste dut, ongi lehiatuko direla. Zaila izango da guri irabaztea.

-Zein da zuen helburua igandean hasiko den ligari begira?

Lehen aipatu bezala, ohorezko txandan egoteko borrokatzea izango da gure lehenengo helburua. Banderak? Ikusiko dugu, poliki joango gara. Badakigu oso talde indartsuak daudela, urteetako lana eginda eta blokea osatuta. Guri hori falta zaigu, blokea egitea, baina ilusiorik ez zaigu faltako. Egia esan, talde honen lehenengo arrakasta, trainerua uretan izatea da. Denboraldi hasieran, soilik 12 arraunlari zeuden, beraz, hemendik aurrerako dena pozgarria izango da guretzat. Arraunlariei ilusioa berpizteko urtea izatea nahi dut.

-Arraunlari garrantzitsuak galdu dituzue.

Bai, batzuk utzi egin dute arraun egiteari, eta beste batzuk beste taldeetara joan dira. Batez ere potentzian galdu dugu, traineruaren motorra. Baina lehen ibilitako batzuk ere bueltatu dira, eta arraunlari gazte berriak ere hasi dira.

-Hori dela eta, bigarren taldea ere aterako duzue.

Hala da. Arraunlari gazte berri asko ditugu eta horiekin bigarren taldea aterako dugu. KAE 2 ligan jokatuko dute. Ramon Erostarbe izango dute patroi eta entrenatzailea, baina ahaztu gabe, Joseba Aristiren lana aipatu nahi dut. Bera egon baita negu guztian zehar bigarren talderi laguntzen.

-Igandean izango duzue ligako lehen jardunaldia eta etxean gainera. Berezia zalantzarik gabe, ezta?

Bai, oso berezia. (Barrez) Aurretik nerbioak bagenituen, liga Zumaian hasiko zela jakin genuenean, orain bi aste, nerbioak handitu zitzaizkigun. Baina ongi prestatuta gaude, polita izango da etxean hastea, eta gainera telebistan ikusteko aukera egongo da. Zer gehiago!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide