Mattin Etxanizen bertsoak Narrondo auzoari

Baleike 2014ko uztailaren 16a

Narrondo auzoko bidegorriaren inaugurazio ekitaldian Mattin Etxaniz  Iruretagoienak bertso batzuk kantatu dizkio auzoari. Mattinek Santelmoetako bertso idatzien lehiaketa irabazi zuen gaur Larraitz Ugarte diputatuaren eta Iñaki Agirrezabalaga alkatearen aurrean kantatu dituen bertso hauekin:

Narrondo

Doinua: Mutil koskor bat

Bi udaletxe dituen auzo

asko ez dira egongo

hargatik pentsa dezake inork

bizi gintezkela ondo.

Batek bestean aitzaki eginda

biek gehienetan tongo

ez Zumaiako, ez Zestuako

nola ez geran inongo.

Bi nagusiko goseak dagon

txakurra dugu Narrondo.

Auzo txiki bat izanagatik

ez da hain auzo eskasa

surtidoretan petrolioa,

tren zubi azpian gasa.

Hartu ohi zaio zuloan dagon

auzo itoaren traza

ta eskaerak eta denbora

alperrik ez dira pasa

bide gorriak emango digu

behar genuen arnasa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide