Alondegiako Oxford aretoan ikusgai dago 21 egileren talde erakusketa, abuztuaren 31ra arte.
'In Oxford' jarri diote izenburua. Formato, material eta euskarri anitzeko lanak biltzen ditu. Egile hauen margo eta eskulturak daude: Fernando de Vicente, Pello Alberdi, Marina Barrena, Jose Antonio Azpilicueta, Vicente Iriondo, Alberto Ibáñez, Aitor Etxeberria, Jose Felix Igartua, Jose Ramón Elorza, Juan luis Baroja Collet, Marino Plaza, Barbara Stammel, Keixeta, Aitor Sarasketa, Ricardo Azkargorta, Bingen de Pedro, Iñigo Arregi, Juan luis Goycolea, Asier Laspiur, Mikel Campo eta J.B. Arana.
Hona hemen Pello Alberdik erakusketaren harira prestatu duen idatzia:
OXFORD
Iluna da; halakoa zen; halaber, lantokiak argiteriarik ez zeukanean edo kaskarra zuenean.
Bertako paisaiara hurbiltzeko inolako erakusbiderik gabe, barneko begirada kanpora itzultzen ikasiz.
Merleau Ponty-k honela idazten du: “Hegel-en arabera, Historia etorkizuna orainean ontzean datza, eta ez oraina etorkizun ezezagun bati opari egitean. Berezkoa duen ekintza araua ez da, kosta ahala kosta, eraginkorra izatea, emankorra izatea baizik” (Michel Fried, “Revue d`Esthetique”).
Bidexkak jarraitzen du eta tunel-ahoaren antzeko zulo baten bidez oihanean barneratzen da, zeharkako ebakidura bidez irekitako pasabide estu batetik murgilduz.
Gure Basque Country-a, honela deitzen dute gaur egun, zeharkatzen zuen trenak igarotzen zituen tunel zahar berberak, ebakitzeko eta itsasteko kontua, sobera dagoena kendu eta bestea itsatsi, eta ahal bada, ez dadila nabaritu. Iluntasun grinatsuan murgiltzen zintuztela zen tunel horiek zeukaten onena, bazirudien ez zela sekula amaituko, baina azkenean, kanpora irteten zinen neurrian, handitzen zihoan argia ikusten zenuen.
Eta dagoeneko desagertu diren erraila horiek ibaia amaieraraino jarraitzen zuten. Era berean, gure barnean, argia erdietsi nahian, tunel ilunak igarotzen ditugu, eta haranak eta sakonuneak zeharkatzen ditugu bagoien triki-trakak gure gorputzean sentituz elkarguneraino iritsi arte, geltokiraino.
Hemen gaude geure tramankuluekin, tresnekin eta isiltasuna zalapartaz betetzen duten kolorez osatutako maleta handi eta txikiekin. Maleta horien barnean geure bizitzaren zati bat dago gordea. Bizitza oinazetsuak, birrinduak, tristeak, alaiak, xehetuak, pitzatuak eta zorionez aurkitutakoak. Itsasoa ikusteko ibilbide luzea egin dutenak.
Pello Alberdi