Finalean Julen Alkorta eta Unai Egañari 22-18 irabazita, Josu eta Jagoba Uranga anaiak dira aurtengo txapeldunak. Aurrez hirugarren posturako partida irabazi zuten Aitor eta Iñaki Ruiz anaiek, Aitzol Oliden eta Jon Agirreren aurka. Hemen daukazue Jexux Iribar Olalde-k egin digun kronika mamitsua: Abiadura haundian jokatutako lehen zati parekatu baten ondoren, 10 eta 7 aurreratzea lortu zuen Alkorta-Egaña bikoteak, tanto luzeak eta onak txalotzeko aukera izan zutelarik joko eremuak estaltzeraino inguratutako pilotazaleek, ikuskizun eta itxura ezin ederrago bat emanez Itzurun paraje bereziko atari eta topaleku bilakatu den frontoi bitxiari.
Ordurarte eginiko ahaleginak izan zuen, ordea, bere eragina markagailuan aldetxoa hartzea lortu zuen bikotearen jokoan, eta bost eta hutseko partzialarekin 12 eta 10 aurretik jartzea lortu zuten atzetik zihoazenak. Launa tanto egin ondoren bakoitzak 15garrena egiteko aukera paregabea galdu eta 17 eta 14, hiru tantoko ordurarteko alderik haundiena Uranga anaientzat. Nahiz eta artean horretarako arrazoirik ez, pixka bat etsi ere bai Alkorta aurrelariak txapela jazteko aukerekin eta sartzekoak ez ziren pare bat pilota galduaz are eta urrunago horretarako aukerak.
Hiruzpalauna tanto egin ondoren, 22 eta 18 garaile Uranga anaiak, azkenean partida on bat jokatu ondoren. Jagobak ondo lagunduta, norgehiagoka irabazteko aurreikusitako taktika aplikatuz pilota jokatzen jakin zuen Josu aurrelariak, gehiegi arriskatu gabe eta aurkari atzelariari ezkerra erabiltzera behartuz. Galtzaileen aldetik, Unai Egañaren lehen zati onaz gain aipatzekoa Julen Alkortaren gorakada iaztik aurtengora, errez ibiliaz kantxan eta eskubiarekin goitik beherako bolea ikusgarriak eginez.
Ruiztarrak hirugarren
Atariko partidan, Ruiz anaiak izan ziren garaile Aitzol Oliden eta Jon Agirreren aurka jokatutako 3 eta 4garren postuak erabakitzeko lehian. Hemen ere lehenengo zatia orekatuagoa izan zen bigarrengoaren aldean, nahiz eta irabazi zuen bikoteak kontrolpean izan zuen norgehiagoka zati horretan ere, eta markagailuko berdintasuna nagusitzen ari zirenek egindako hutsengatik gehiago izan besteek egindako tantoen ondorioz baino. Ligaxka fasean sailkapen buru gelditu eta txapela jazteko hautagai nagusi ziren ruiztarrak ustekabean finalaurrekoa galdu ondoren, atzo ez zuten ustegabekorik eman. Aurrelari Aitorrek sakearekin hasita, eta atzelari Iñakik ere, atzeko koadroetara bideratu zuten jokoa eta ezker hormaren kontra bidalitako pilota askotxo gelditu ziren bueltan ekarri gabe.
Balorazio ona
Eta besterik ez atzoko partidetaz. Txapelketa osoa kontutan hartuta balorazio baikorra egin behar zalantzarik gabe, orain arteko txapelketetan jokatu gabeko zazpi pilotari gaztek parte hartu dutelarik, ordezkatuta jokatu dutenez gain. Guztira 32 norgehiagoka jokatu dira eta parekotasun haundikoak asko, 22 eta 21eko emaitzarekin amaitutako lau horien artean. Eguraldiaren aldetik ere zorte ona izan dugula esan behar, bederatzi jardunalditik bi bakarrik jokatu behar izan direlarik egutegiko egunetatik kanpo.
Amaitzeko eskerrak ematea dagokigu, parte hartu duten pilotari guziei lehenik, egunik egun pilota partidera zintzo demonio urteroko legez joaten diren pilotazaleei ondoren, eta herriko hedabideei ere txapelketari egin dioten jarraipenarengatik. Aipamen berezia Surf taldekoei, urterik urte lokala uzteagatik markagailu eta gainontzeko tresneria erabili ahal izateko jailadiz jaialdi.