Selekzioen ofizialtasuna izan dute mintzagai ESAITeko kide Martxel Toledok eta txirrindulari ohi Mikel Astarlozak, EHBilduk antolatutako “Hamaika arrazoi independentziarako” zikloko lehen solasaldian. Bakoitzaren esperientziatik abiatuta, gaiari buruzko iritzia eman eta beraien ibilbidean bizitako pasadizo batzuk kontatu zituzten. Esandako guztia jasotzea luzeegi litzatekeenez –bideoan grabatu dute antolatzaileek eta sarean jarriko da hitzaldia–, Martxel Toledoren pasarte hau aukeratu dugu, bertan azaltzen baitu non dagoen auziaren korapilo nagusia: Independentzia lortu gabe ofizialtasuna posible ote den galdetuta, oztopo juridikorik ez dagoela azpimarratu du Toledok: “Posible, posible da. Baina, gaztelerazko esaera erabilita, Elizarekin egin dugu topo, Espainiarekin eta Frantziarekin, alegia. Gure selekzioei ofizialtasuna ukatzeko bi arrazoi ematen ditu etsaiak. Lehena da ez garela estatu, beraz ez dugula eskubide hori. Hori faltsua da, 40tik gora selekzio baitaude munduan estaturik ez dutenak: Groenlandia, Feroe Irlak, Gibraltar, Gales… Bigarrena da liga propioak sortu beharko genituzkeela. Hori ere gezurra da. Andorrak Espainiako ligan jokatzen du eta selekzio propioa dauka. Berez, nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzeko baldintza bakarra bete behar da: nazioarteko federazioko kide izatea. Eta horretarako funtsezkoa da estatuak oztoporik ez jartzea, baimentzea”. Espainiak federaziorik ez duen kirolen kasuan errazago zabaltzen du atea. “Horiek dira lehen aipatutako kirolen kasua. Baina, adibidez, futbolaren kasuan, ez du sekula onartuko. Beraz, oztopoa ez da juridikoa, politikoa baizik”.