Gerra txikia liburuaz solasean egitera etorriko da gaur Alondegira (18:00etan) Lander Garro idazlea, Irakurri Matte taldeak gonbidatuta. Azaroko Baleike aldizkarian argitaratutako elkarrizketa ekarri dugu hona.
Irakurle taldeak sortzeak onura ekarri dio literaturari? Eta zuei, idazleoi?
Dudarik gabe. Irakurle taldeak gauza askotarako balio du. Alde batetik, balio du irakurleak bere lana sozializatzeko, beraien lana zabaltzeko. Eta, bestetik, irakurle taldea gertatzen den momentuan, irakurleak (eta idazleak ere bai, jakina) bere lanaren inpaktuaren neurria eduki dezan. Idazlearentzat oso baliagarria da jakiteko non asmatu duen eta non egin duen huts, non kamustu behar duen, non indartu, non landu gehiago. Hurrengo liburu bat idazteko ere oso aberatsa da, pistak ematen dizkizu.
Zertarako balio du irakurle taldeak?
Irakurketa potentziatzeko balio du. Azkenean, zuk izan dezakezu liburuak irakurtzeko zaletasuna txiki edo handiagoa, baina taldean egiteak beste estimulu bat sortzen du. Dudarik gabe, literatur taldean ez dagoen jendeak urtean zehar liburu gutxiago irakurriko ditu ziur aski, edo gutxiago euskaraz… Taldeak oso euskal literaturara begira daude. Eta bai, horrek behartzen du herri askotan jendea euskal literatura kontsumitzera. Zorionez, euskal literaturan badaude liburu batzuk oso onak direnak. Horrek gero ahoz ahokoa sortzen du eta zabalkundea eragin. Euskal literaturan gabiltzanon eragin mediatikoa ez da handia, baina hor dago.
Zein izan da zure esperientzia irakurle taldeetan?
Irakurle taldeetara askotan joana naiz, herri askotan daude talde hauek. Denetarik dago: oso alaiak direnak eta afari-merienda eta guzti eramaten dutenak, oso serioak direnak eta intelektualak.
Zein da idazlearen lana edo helburua irakurle talde batera joandakoan?
Guri deitzen digute gure liburua irakurri dutelako eta gurekin komentatu nahi dutelako. Ni ez naiz taldeetara gidoi batekin prestatuta joaten. Bestela, guztietan gauza bera kontatuko nuke eta hori ez da nire nahia. Liburuaren historia zein izan den transmititzen saiatzen naiz ahalik eta erarik zintzoenean, besterik gabe: nola sortu zen istorioa, zeintzuk izan diren liburua idazteko kontuan hartu ditudan gauzak, aintzat hartu ditudan gauzak, zein izan diren nire erreferenteak… inprobisatzea ere gustatzen zait, gauzak ez errepikatzea.
Irakurle taldeetara joatea eta zure liburuaren inguruan hitz egiteak asetzen zaitu edo marketin hutsa da?
Hemen ez dago marketinik. Eta egitekotan, lehenago eginda dago, ni joaten naizenerako liburua irakurrita dagoelako. Kasu honetan marketina egiten didana Uxue bera da, baina ez dut uste horregatik egiten duenik. Irizpide literario bati jarraituko dio, eta pentsatzen dut bere helburua izango dela taldekideek ahalik eta urterik goxoena pasatzea. Ahalik eta gehien gozatu dezatela nahiko du, taldeak berak dituen ezaugarrietara moldatuta, jakina.
Betetzen zaitu, orduan?
Segun. Azkenean, esperientzia humano bat da, eta horretan eragina du zeuk zer gogo duzun, non den, zer talde den… Niri asko gustatzen zait jendearen iritzia entzutea eta iruditzen zait, gainera, iritzi guztiek dutela arrazoiaren parte bat. Azkenean, pertsona batek liburuko pasarte bat kontatzen dizu zer eragin izan duen bere baitan eta hori pista bat da jakiteko non asmatu duzun, zer dagoen ondo… eta ni oso idazle profesionala naiz zentzu horretan: oso pertsona lehiakorra, exijentea, detallista, fina.
Eta jendeak zer galdetzen dizu?
Denetarik. Jendeak bere bizitzarekin lotzen du liburuan gertatzen dena. Oso naturala da hori, eta oso seinale ona, era berean. Fikzioa, bai literaturan, bai beste alorretan, beti ez da beste baten istorioa irakurtzeko edo ikusteko modua, baizik eta gure baitan dagoen misterio moduko bat argitzeko tresna. Gure baitan galdera asko eta handiak egoten dira, eta orduan fikzioak horiek betetzen ditu askotan. Ez ditu argitzen, baina eramangarriagoa egiten du.
Zure liburuak, gainera, errealitatea aurkezten du. Zuk zeuk bizitakoa.
Bai, liburuak zuretik benetan asko baldin badauka, elkarrizketa askoz ere interesgarriagoa da. Beste pertsona batek kontatzen badu berak ere antzeko zerbait pasa duela, zuri ere berriro eragiten dizu. Horrela, oso dialogo estimulantea eta sendagarria bihurtzen da, biontzat kasu honetan. Liburu hau idaztea oso terapeutikoa izan zen. Ziur nago liburu hau irakurtzen jendeak negar eta barre egin duela, nik neuk ere egin nuen eta. Idazleak bere begietatik idazten du, hori saihestezina da. Enpatia oso ariketa zaila da. Norbaitek kontatzen digunean berari gertatu zaion gauza bat, edo gure baitan aurkitzen dugu konparatzeko esperientziaren bat, edo ez dugu sentitzen.
Zein liburu gomendatuko zenuke zuk irakurle talde batean?
Nire euskarazko idazle kuttunenak Eider Rodriguez, Sarrionandia eta Saizarbitoria dira. Nire belaunaldikoen artean, Harkaitz Cano eta Hedoi Etxarte esango nituzke. Jon Benito poeta ere asko gustatzen zait. Eta, beno, azkenaldian atera diren liburuen artean, Danele Sarriugarteren Erraiak esango nuke. Talentua eta ausardia duen pertsona da. Ondorioa: gizon zaharrak eta emakume gazteak gustatzen zaizkit.