Ostalaritzako menuak euskaraz jartzeko kanpaina jarri du martxan Udal Elkarteak

Urola Kostako Udal Elkartea 2015eko urtarrilaren 26a

Gari Berasaluze Zarauzko euskara zinegotzia eta Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakaria eta Peru Fernandez Arroiabe Zumaiako euskara zinegotzia, kanpainaren aurkezpenean.

Menuak euskaratzeko laguntza eskainiko zaie Urola Kostako taberna, jatetxe eta ostatuei. Bezeroentzat sariak egongo dira euskaraz eskatzeagatik.

Ostiralean, urtarrilaren 23an, Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualdeko udalek euskara menuan kanpaina aurkeztu genuen. Aurkezpenean parte hartu zuten Peru Fernandez de Arroiabe Zumaiako euskara zinegotziak, Gari Berasaluze Zarauzko euskara zinegotziak eta Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakariak.

EUSKARA MENUAN! kanpaina Urola Kostako Udal Elkartea eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Udalak “EUSKARA MENUAN” izeneko kanpaina jarri dugu martxan, gure herriko taberna, kafetegi eta jatetxetako kartak eta menuak euskaraz jartzeko.

Udaberri eta udari begira, helburu hori ahalik eta establezimendu gehienetan lortu nahi dugu eta horretarako antolatu dugu, hain zuzen ere, kanpaina hau.

Horrekin batera, bezeroek euskaraz eskatzea ere bultzatu nahi dugu eta, beraz, ostalarien ahalegina eta euskaraz eskatzen duten bezeroen jarrera bultzatuko dugu, sarien bidez.

Euskaraz menurik ez duten jatetxeei

Uste dugu gure eskualdean zerbitzu egoki bat emateko menua eta antzeko euskarriak euskaraz ere jarri behar direla. Euskaraz ez duten establezimenduei zerbitzu pertsonalizatu eta azkarra emango diegu beren menu eta antzekoak euskaraz txukun jartzeko.

Euskaraz dutenei

Asko dira menua edo antzeko euskarriak euskaraz dituzten ostatu eta jatetxeak. Alabaina sarri ez zaie erraza egiten eguneroko menua idazteko arbela euskaraz ere jartzea; edo kosta egiten zaie plater berriak nola idatzi erabakitzea… Laguntza eta hainbat tresna emango dizkiegu horretarako.

Kanpainak bi zati

1. Jatetxe eta ostatuekin harremanetan jarri eta menua edo antzeko euskarriak itzultzeko, zuzentzeko edo eguneratzeko laguntza eskainiko diegu eta jasotako eskaerak egin eta entregatu egingo ditugu. Lan horretan aste honetan hasi gara.

2. Menua euskaraz kanpaina: parte hartzea erabakitzen duten establezimenduetan euskaraz eskatzen duen bezeroari txartel bat emango zaio, zozketa batean parte hartzeko. Sarien zozketaren amaituko da kanpaina, martxoaren 18an.

Kanpainaren ezaugarriak labur-labur

NON: kanpaina Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian egingo da.

PARTE HARTZAILEAK: Menua, karta, ogitartekoen edo-eta plater konbinatuen zerrendak euskaraz ipinita dituzten ostalariek hartu ahal izango dute parte.

SARIAK BEZEROENTZAT: Establezimendu horietan euskaraz eskatzen duten bezeroen artean sariak banatuko dira: kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan bazkari edo afariak (zozketatuko dira 60 euroko balioa duten 20 txartel).

NOLA: Zozketa bidez emango dira sariak, horretarako zozketa-txartelak prestatuko dira bezeroei emateko. Zozketa-txartelean, bere datuez gain, euskaraz eskatu duen platera edo menua idatzi beharko du bezeroak. Txartelak horretarako jarritako kaxa batean jasoko dira eta epea amaitutakoan zozketa egingo da.

LAGUNTZA: Ostalariek jasoko duzuen zerbitzua: laguntza menua euskaratzeko (zuzendu, itzulpenak egin…), kanpainako euskarriak (kaxa, txartelak…), kanpaina bideratzeko laguntza eta aholkularitza (kaxak jarri, jaso, zozketa egin…).

EPEA: kanpaina urtarrilean hasi eta martxoaren 18an amaituko da (data horretan egingo da sarien zozketa).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide