Pasa den ostiralean Oikiako auzotar eta elkarteekin bildu ondoren, Zumaiako alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaia den Oier Kortak jakitera eman du oikiarrek Oikian bizitzen jarraitzeko eskubidea aldarrikatzen dutela eta horretarako behar diren zerbitzu eta azpiegiturak eskatzen dituztela.
Oikiako bizilagunekin egindako bilerarekin, hautagai jeltzaleak abian jarri du datozen asteetan Zumaiako auzo eta herriko hainbat gunetan bizilagunei zuzen zuzenean entzuteko martxan jarri duen ekimena. "Herritarrei entzutea ezinbestekoa da benetako arazoen berri jakiteko eta modurik egokiena, auzotarren eta herritarren beharrak eta gure asmoak mahai inguru batean partekatzea da. Helburu horrekin egin dut lehen topaketa hau", adierazi du Kortak.
Horrela, zerrendaburu jeltzaleak aitortu du Oikiak bizitza propioa duen auzoa dela, "oso ongi adierazi didaten bezala", eta horren adibide honakoa esan du: "EAJren legealditan gauzatu ziren gaur egun Oikiak duen auzoko, frontoi estalia, edota babes ofizialeko zein libreko etxebizitzak. Azken urte hauetan berriz zer egin du Bilduk kudeatutako udal gobernuak?" galdetu du.
"Bileratik garbi atera dugu Oikian bizitzeko aukera bermatu behar dela eta horretarako etxebizitzaren sustapena bultzatu behar dela. Oikiak etorkizuna du nahiz eta azken zortzi urte hauetan udalak ez jarri abian etxebizitza berriak eraikitzeko proiekturik, hau denean auzotarren eskaera nagusia", jeltzalearen esanetan.
Oier Kortak azpimarratu du herrigunetik aldenduta dauden auzoek Zumaiako erdi gunekoak adinako zerbitzu egokiak behar dituztela eta garbi daukatela zerbitzu hauek ahalik eta azkarren eraman behar direla, eta aurreratu du une honetan eskuartean duen eta lantzen ari den auzora eramateko zuntz optikoaren proiektua.
Zuntz optikoa eta gasa
Ildo horretan gogoratu du Oikiako bi industri poligonoek ez dutela zuntz optikorik. "Egoera horretaz jabetuta, jarraitu du Kortak, Arantxa Tapia Industri sailburuarekin egindako bileran, aztertu genuen poligonoetara zuntz optikoa ekartzeko aukerak eta bide batez Oikiako erdigunera luzatzea bien arteko hurbiltasunagatik. Spri-k, Euskadiko hainbat poligonoetara zuntz optikoa eramateko proiektua du eta lortu dugu Oikiako bi industri eremu hauek hor sartzea. Hau gauzatzeko Bruselasetik dirulaguntza izango da" adierazi du.
Gasari dagokionez, Kortak bideragarritasuna aztertzeko konpromisoa hartu du kontuan izanda 80 etxebizitzak osatzen dutela auzoa. "2011ko kanpainan Bilduren programaren barruan zegoen gai bat zen, baina lau urte hauetan ez da ezer egin" gogoratu du.
Eskola berria
Eskola berriaren proiektuaz ere mintzatu da hautagai jeltzalea esanez, bilerara joan aurretik, Udalean informatu zela, eta ondo bideratuta zegoela esan ziotela, "baina auzotarrekin izandako bileran jakin genuen, Udalak maiatzerako izan beharko zukeela eskola berria egingo den lur zoruaren jabegotasuna, baina oraindik guztia airean dago".
Azkenik, Oier Kortak udalari exijitu dio "lanean hasteko" Eusko Jaurlaritzak onartua duen eskola berriaren proiektua "ez dezan pasatzen utzi" eta "Udalak bete dezala dagokion baldintza bakarra, hau da lur saila bere izenean jartzea, beranduenez maiatza baino lehen, bestela proiektua galdu egingo delako. Hau gauzatzeko Udalak gure laguntza osoa du" jakinarazi du.