“Oso garbi daukagu gure iparra zein den”. Bere lehen agerraldian, EHBilduk osatu duen lan taldearen oinarrizko printzipioak azaldu ditu Alex Olidenek, Alondegiako aretoa bete duen jendearen aurrean. “Batzutan ausarta izatea ona da. Guk, harrokeriarik gabe, herriaren ordezkaritza eraman nahi dugu hurrengo lau urteotan, herritarrak izan daitezen etorkizunaren giltza eta lema, etorkizuna zumaiarrekin marrazteko”. "Zumaia “euskaldun, burujabe eta feminista” nahi dutela adierazi du pare bat aldiz.
Ez du proiektu edo lorpen zehatzik agindu nahi izan, baina bi konpromiso hartu ditu jendaurrean: “Zerrendako denok herrian txertatuta bizi gara, herriaren beharrak entzuteko gaitasuna daukagu, eta ahal den ondoen erantzuteko ahalegina egingo dugu. Hitza ematen dugu. Gure bigarren konpromisoa da lan asko egingo dugula, erruz egingo dugula, hala izan dadin”.
Lan egiteko moduaz, Gure Esku Dago herri mugimendua hartu du adibide. “Gure Esku Dagok lortu duen ilusioarekin, alaitasunarekin, izpiritu horrekin egingo dugu guk lan, herritarrekin eskuz-esku, orpoz-orpo”. Hauteskundeetarako helburu garbi bat jarri du Olidenek: “Gehiengo zabalez irabazi nahi dugu, hala izatea behar dugu. Herriaren borondateari kasu eginez gobernatu nahi dugu”. Eta helburu politiko sakonagoak ere aipatu ditu bere hitzaldian. “Gure ondorengoei mundu hobeago bat lagatzeko lan egiteak poz handia ematen du. Guk mundua aldatzen lagundu nahi dugu, eredu berri bat ari da erditzen mundu mailan eta guk bide horretan lagundu nahi dugu”.
Egindakoaren balantzea
Olidenek hitz egin aurretik, Iñaki Ostolazak aurreko zortzi urteotako balantzea egin du, maiatzean agintea uztera doan Udal Gobernuaren izenean. “Duela zortzi urte erabaki ausartak hartu ziren, politika egiteko moduak aldatu nahi genituelako”, hasi da azaltzen. Esku pribatutan zeuden Udalaren hainbat eginkizun berriro Udalera ekartzea izan da zortzi urte hauetan izan duten irizpidea, Ostolazak azaldu duenez. Likidatu berri duten Zumaia Lantzen eta sortutako Kirol Patronatua jarri ditu adibide. “Udalaren zerbitzuak indartu ditugu urte hauetan. Gizarte zerbitzuak, Berdintasun Saila, hirigintza, Ludoteka, Turismo Saila, idazkaritza, erabat utzita zegoen brigada indartu dugu…”.
Xabier Olano, TSko langileekin
Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagai Xabier Olanok ere hartu du parte ekitaldian. Aurreko lau urteotako lana defenditu eta “murrizketarik gabeko lurralde” definitu du Gipuzkoa. “Pribilegiorik gabeko Gipuzkoa da gure eredua, non herritar guztiek eskubide eta betebehar berberak dituzten”, azaldu du. “Zerga erreformari esker eta iruzur fiskalaren aurka egindako ahaleginari esker Gipuzkoak gizarte zerbitzuak hobetu” dituela nabarmendu du Olanok, “testuingurua zaila izan den arren”. “EHBilduk proposatzen duen eredu berria, edo PNVk, PSEk eta PPk ordezkatzen duten iraganeko eredua da hauteskundeetan aukeratu beharrekoa”, Olanoren iritziz.
Alondegiko ekitaldi politikoaren aurretik, TSko langileekin agerraldia egin du Xabier Olanok Alai auzoan. Arriskuan dauden enpresa txiki, ertain eta kooperatibentzat “aholkularitza zerbitzu publiko eta unibertsala” sortuko dutela iragarri du, “enpresa gehiago itxi ez dadin”.
TSko langileek ere hartu dute hitza Alaiko agerraldian. Familia asko dirurik gabe gelditu direla eta egoera ezin dela gehiago luzatu salatu dute. “TS berriro zabaltzeko eskaintzak daude, epaileak hartu dezala erabakia lehenbailehen, eta ondo aukera dezala lanpostu duinak sortzeko”.