Joserra Elorza du izena, baina JR Elorza bezala sinatzen ditu bere lanak. “Nire izen artistikoa izango balitz bezala da”. Oraingo honetan bakarkako erakusketa batekin dago Alondegiko Oxford aretoan, baina iaz ere bere lanen bat ikusteko aukera izan zen areto honetan, abuztuan egin zen erakusketa kolektibo batean. “Noizean behin elkartzen gara lagunak. Urte asko daramatzagu kontu hauetan. Egiten ditugun afarietan halako kontuak ateratzen dira eta hala sortu zen Zumaian egiteko proiektu hura. Deitu zitzaien guztiei, planifikatu zen eta gustura atera ginen”.
Zenbat urte daramatzazu artearen mundu honetan?
Betidanik nabil kontu honetan. Beti eduki dut zaletasuna eta beti ibili naiz gauzatxoak egiten. Inguruan lagunak izan ditut bultzatu nindutenak. Karrera ere egin nuen eta jarraitu egin dut, eta halaxe heldu naiz gaur arte, eta ez dut lagatzeko asmorik, noski.
Zure kasuan ez zara artetik bizi. Zumaiako institutuan egiten duzu lan.
Plastika eta marrazketa teknikoak erakusten ditut.
Marrazketa teknikoa diozu. Erakusketa honetara ekarri dituzun lanek badute halako ukitua. Irudi geometrikoak nabari daitezke lan hauetan.
Urte batzuk daramatzak geometria erabiltzen. Azken denbora honetan lan sistematizatuagoak egiten ditut. Saiatzen naiz geometriari goxotasun puntu bat ematen. Gauza planoak erabili beharrean biribiltzen ditut, argi itzalak erabiltzen ditut, eta halako gauzak. Helburua ez da irudi geometrikoa egitea, baizik eta emozio pixka bat sortzen duten irudiak egitea.
Emozioa diozu. Geometria aipatzean irudi hotz edo matematikoak etortzen zaizkit burura. Ba al dago matematika arte bihurtzea?
Arte munduan badago adar bat geometria erabili izan duena. Besterik gabe, pentsa itzazu arabiarrak. Arabiarrei geometria interesatu izan zaie eta oso lan interesgarriak egin dituzte. Atal hori ere gustatzen zait. Lan mentala bezala ikus daiteke, baina interesgarria da. Batzuk ibilbide batzuk hartzen badituzte, demagun, errealitatea irudikatuz, niri alde abstraktua edo mentala gehiago gustatzen zait. Laborategiko lana, inbestigazioko lana. Mundu horretan gustura sentitzen naiz; hari bat hartu dut eta egin ditut lan batzuk.
Hiru dimentsioekin ere jokatzen duzu batzuetan.
Bai, baina nahi gabe. Asmoa ez da koadrotik ateratzea. Ateratzen bada da nik dudan egiteko moduagatik, baina ez da gauza bat topatzen dudana, lanaren prozesuaren ondorioa, baizik.
Prozesua, lan hauek zer daude, ordenagailuz edo eskuz eginak?
Ez, ez, ez, dena eskuz. Zentzu batean antzinako gizona naiz. Eskuz egindako gauzak gustatzen zaizkit. Ordenagailua lan industrialetarako interesgarria izango da, baina niri gehiago gustatzen zaizkit eskuz egindakoak. Behar dudan momentuan aldaketak egiteko aukera ematen dit. Hasterako momentuan ideia batzuk ditut, baina hortik aurrera, erdaraz esaten den bezala, “me voy por las ramas”. Erritmo batzuk ezartzen ditut nire lanetan, oinarrizko elementu batzuetatik oinarritzen naiz, baina non bukatuko dudan ez dut jakiten.
Halako kasu batean, noiz dakizu noiz amaitu duzun?
Ez da erraza izaten. Momentu batean esan beharrekoak bukatu dira edo agian irudia errenka hasiko zen. Berak bakarrik esaten du ez dudala gehiago behar.
Autorea zara eta ez zaizu erraza egingo, baina zer diote lan hauek?
Hitzetan adieraztea ez da erraza. Azkenean sentsazioak eta barne irudiak etortzen zaizkit, eta azken finean ikuslearengan emozio puntuak sortaraztea da asmoa. Irudiaren aurrean kateatuta sentitzea eta pentsaraztea hemen zerbait gertatzen dela. Hitz guztiak, esaldi guztiak, dena garbi-garbi lagatzen duen zerbait ez zait asko interesatzen. Ematen du ikusleari zerbait kentzen zaiola. Koadro hauek oso laberintikoak dira, ibilbide asko dituzte, zirrikitu asko. Nondik sartzen zaren egin dezakezu ibilbide bat, toki batetik joan, bestetik; gauza asko ikusi ditzakezu eta hori da interesgarria.
Azken garaiko obrak direla zenion inaugurazioan.
Gehienak berriak dira, baina zaharrak ere badaude. Konturatzen naiz zaharrek ez dutela galdu gaurkotasuna; denboratik aparte daudela esango nuke. Ez dut bide bat jarraitzen beti; familia antzerako lan multzoak egiten ditut, baina momentu bat heltzen da asetzen nautela. Konturatzen naiz familia hauek guztiek dutela beraien artean lotura batzuk, eta aukeraketa bat egin ondoren aurkeztu ditut hauek, konjunto hau osatuaz: zaharrak, berriak eta marrazkiak.
Zer materialekin egindakoak dira?
Akrilikoak dira. Figura txiki bat hartu, argi itzal bat jarri eta hori ondorengokoarekin doa kateatzen, lotzen, mugimendu bat ematen diozu eta hala multzo bat sortzen da. Helburua ez da bolumen errealistako figura bat egitea, kapritxo bat baizik. Planoek eramaten duten logika da figuraren logika, ez logika errealista bat.
Figuraren atzean dauden fondoak ere aldatu egiten dira: batzuk planoagoak dira eta besteak badituzte motiboak.
Beharraren arabera aukeratzen dira, ez errepikatzeko. Errepikatzen bada aspertu egiten naiz. Irtenbidea eman nahi izaten diet lanei eta zalantzak sortzen direnean erantzun berriak eman nahi izaten diet.
Marrazkiak ere ekarri dituzu erakusketara.
Marrazkiek askatasun handiagoa ematen didate. Papera material zuzenagoa da eta ez da operazio handirik behar. Mahaiaren aurrean jartzen naiz tresna guztiekin eta kontzentrazioa lortu duzunean hasten naiz lanean, eta buruan dituzun ideiak garbi badituzu, eskuak zuzenean erantzuten du eta batzuetan asmatu egiten duzu. Frakasatzen baduzu, zakarrontzira botatzen duzu. Horrek lanerako orduan askatasun handiagoa ematen dizu. Oihalean gauzak pentsatuagoak egiten ditut. Ardura gehiago ematen du.
Erakusketaren izenburuan, ‘Trans-forma’, badago hitz joko bat.
Gidoi horrek zentzu desberdinak ematen dizkio. Alde batetik formaren gainetik pasatzearena da, zeharkatzearena, formaren barneetan sartzea dago. Hausnarketetara eramaten zaitu. Baina gero, gizartea dagoen moduan, transformatzea, aldatzea ere jasotzen da.