Hona hemen Gonzalez Txabarrik talde bakoitzaren inguruan emandako azalpenak:
Mutilak, B taldea
B taldearen helburua formakuntza da. Tripulazioak eratzean ere hiru multzo dauzkagu: A taldekoak direnak, A eta B taldeen artean ibil daitezkeenak eta B taldekoak. B taldeko onentsuenei edo etorkizun argiagoa ikusten diegunei egiten diegu lekua tarteka A taldean. Joxe Inazio Zulaikak hartu du aurten B taldearen ardura. B taldean jubenilak ere sartzen ditugu estropada batzutan, txandaka. Zazpi jubenil ditugu eta estropada bakoitzean bi sar ditzakegu.
Emaitzarekin oso gustura gaude. Bi urteko epean lortu dugu A taldean sartzea etxeko lau arraunlari berri, bi jubenil mailakoak zirenak iaz, eta beste bi arraunean urte eta erdi daramatenak. Hain denbora gutxian emaitza hori lortzeko lan asko eta ondo egin den seinale.
B taldeak iazko denboraldia amaitu eta 15 eguneko atsedena baino ez zuen izan, segituan hasi ginen berriro lanean, jende berri asko zegoelako. Udazken osoan uretan ibili dira, teknikoki asko hobetu dute, eta orain aukera dago arraunlari batzuk lehen taldean sartzeko.
Kirol ikuspegitik, gure asmoa da noizean behin B taldea ere bere arraunlari onenekin aritzea, eta estropada horietan uste dugu ohorezko txandan sartzeko aukera izango dutela, KAE-2 ligan. Hori tarteka egin nahi dugu, poz hori izan dezaten, dena ez dadin formakuntza izan.
Mutilak, A taldea
Guk daukagun ilusioa da TKE Ligara iristea. Norberak bere helburuak izan ditzake, baina ikusi behar da gainerako traineruak nola dauden. Lehen egunean estropada txarra egin genuen, ez genuen batere gozatu. Bigarrenean esango nuke eman genuela gure neurria, hirugarren edo laugarren postuan ikusten gara une honetan.
Badakigu pixkanaka gorantz egingo dugula. Momentu honetan tripulazio bat ikusten dugu guztien gainetik, Getaria, baina ikusten dugu oso jarrita dagoela, eta denboraldi osoan maila horri eustea kostatuko zaio. Erritmo altuan dabil dagoeneko, oso akoplatuta daudela ikusten zaie. Horrek esan nahi du hortik gora askoz gehiago ez dela joango. Guk badugu hobetzeko tartea eta gora egingo dugu.
Getariaren atzetik traineru multzo handia dago, oso parekatua. Zazpigarren posturaino oso berdinduta ibiliko gara, eta hanka sartzeak aurten oso garesti ordainduko dira. Aurten segundo gutxiren tartean bigarren izatetik zazpigarren izatera pasa zaitezke, eta hor puntu asko galtzeko arriskua dago. Alde horretatik, liga zaila izango da aurten, lehen bi postuak garesti daude oso. Baina, era berean, pentsatzen dut igoerako kanporaketara sailkatzen direnek mailaz igotzeko aukera handia dutela aurten. Goitik eroriko direnak aurten ez dira hain indartsuak izango, eta Galiziakoak ere ez.
Aldaketa asko tripulazioan
Aldaketa handiak izan ditugu tripulazioan, eta hori da daukagun zailtasun handienetakoa. Arrauna, azken finean, esperientzia da. Ezaugarri fisikoak behar dira, baina esperientzia funtsezkoa da.
Lehen urtetik joan zaizkigu traineru titularretik bost arraunlari, esperientzia handikoak. Horiek ordezkatzea oso konplikatua da. Josu eta Jagoba Uranga etorri dira, lehen ibilitakoak, baina ez dugu beste altarik izan, eta etxekoekin ari gara lanean. Guk oso garbi daukagu zer muga dauzkagun eta ezin garela kanpoan begiratzen hasi, etxekoekin egin behar dugula. Eta horrela ari gara, gazteekin lan handia egiten, eta horregatik da hain garrantzitsua bigarren taldea. Egitura horri egonkortasuna ematen badiogu, aukera izango dugu urtero bi edo hiru arraunlari berri sartu eta lau edo bost urteko epean tripulazioa berritzea.
Bestetik, eskertzekoa da esperientziadun jendeak aurten egin duen ahalegina beste urtebetez taldean segitzeko, beraien ekarpena oso garrantzitsua baita taldearentzat. Lana, familia eta arrauna uztartzeko ahalegin handia ari dira egiten eta hori eskertzekoa da.
Neskak
Duela bi urte Kontxa irabazi eta gero, iaz nesken taldeak tentsio apur bat galdu zuen entrenatzeko garaian, zailtasunak izan ziren, lesioak... Berandu hasi ziren eta hori nabaritu zen denboraldian zehar. Iazkoa bukatu bezain laster, Kike Manterolak planteatu zuen aurtengorako helburuak garbi jarri behar zirela, eta adostu zen dena irabaztea zela erronka. Lanean garaiz hasi ginen, iazko neska denek azaldu zuten segitzeko borondatea eta beste bi berri ere etorri zaizkigu Kaikutik.
Tripulazio oso ona osatu dute, neguan lan bikaina egin dute, gauza dezente aldatu ditugu. Eta emaitzak begi bistakoak dira. Bateletan dena irabazi zuten; trainerilletan Espainiako Txapelketak egin zuen ihes, baina antolaketa lotsagarria izan zelako; eta traineru denboraldian oraingoz irabazten hasi dira. Anbizio handia ari dira erakusten, eta beraien helburua da Euskotren Liga eta Kontxa irabaztea. Aurrean ibiliko direla seguru gaude, eta helburuak betetzeko aukera handiak dituzte.
Aurkarien artean, Orio ari da sendotzen urtetik urtera. Oriok egitura handia du eta denbora baino ez du behar bere helburuak betetzeko. Neskekin lan egiten ari dira eta urtetik urtera gora doan proiektua da. Zumaiarekin batera, Hibaika ere maila polita ari da ematen. Baina iazkoarekin alderatzen badugu, Zumaia nagusitasun argia erakutsi du orain arte. Zarautzen, igandean, ziabogan zortzi segundoko aldea ateratzea, asko da. Orain helburua da egindako lanari etekina ateratzea, eta pixkanaka hobetzen joatea. Indarrak dosifikatzen ari gara, aldaketa asko eginez.
Zumaiak dauzka herriko arraunlariak, Tolosakoak, Kaikutik etorritakoak, baina falta zaiguna da atzetik lekukoa hartuko duen taldea. Hori da lantzeko daukaguna eta hemendik dei bat egin nahi diegu herriko neskei arraunera etor daitezen, proba dezaten.