Goizeko 8:15ean Al filo de lo imposible zuzendari Sebastian Alvarori omenaldia egin eta 8:30ean abiatu dira maratoiko 230 korrikalariak. Ostiraleko berorik ez, baina hezetasun ikaragarria zegoen goizeko lehen orduan, eta 42 kilometroak luzeegi ez gertatzeko indarrak ondo neurtu eta ahalik eta gehien edan eta jan beharra zegoen.
Lasterketak ohiko ibilbidea izan du Mendataraino baina, behin Astira iritsita, Andutzeko mendirantz abiatu dira korrikalariak. Tontorra lainopean zegoen lehen korrikalariak iristen hasi direnean. Manuel Merillas eta Ismail Razga izan dira Andutzeko gurutzetik igarotzen lehenak; Zaid Aid izan da hirugarren, eta atzerago zetozen Iban Letamendi, Alfredo Gil eta Imanol Larrañaga. Nesken artean, Oihana Kortazar oso aurretik zetorren ordurako.
Andutzetik jaitsi eta Salsamendiko igoera tentea eta oso teknikoa egin behar izan dute ondoren. Eskuekin lagunduta igo behar izan dute zenbat tartetan. Merillas eta Kortazar aurretik, eta aldeak aregotuz. Andutzeko magaletik berriro kostalderantz gerturatu dira korrikalariak, ohiko ibilbidearekin bat eginez. Talaimendiko aldapa izan da azken errematea gelditzen ziren indar apurrentzat.
Helmugan, Merillas eta Kortazar irabazle. Zumaiarren artean Mikel Etxeberria izan da azkarrena, Alberto Gorritiberea eta Jokin Gijarroren aurretik. Zumaiako emakumerik ez da izan maratoian.
Raul Garcia azkarrena maratoi erdian
Raul Garcia Castanek badaki lehendik Flysch Trail irabaztea zer den. Aurten maratoi erdiko distantzia aukeratu du, eta ziztu bizian osatu ditu 21 kilometroak. Ion Sala iruindarra izan da bigarren, hiru minutura; eta Joxe Amunarriz hondarribiarra hirugarren. Emakumeen lasterketan, Alizia Olazaba (Irun), Andrea Garay (Gasteiz) eta Sara Peña (Orio) izan dira azkarrenak. Zumaiarren artean, Txetxu Tamayo, Ander Etxabe eta Jose Manuel Castillo izan dira onenak gizonen artean. Castillo, gainera, lasterketako junior onena izan da. Emakumeen artean, Sonia Albarez, Leire Baraibar eta Arri Urbieta igo dira podiumera.