Irati Manzisidor arraunlariak 2008 Kontxaz idatzi zuena

Baleike 2016ko urt. 11a, 13:03

2008an hasi ziren emakumeen traineru estropadak antolatzen eta lehen unetik han izan zen Zumaia, Getariarekin batera taldea osatuta. Kontxako Bandera jokatu zen urte hartan lehen aldiz, eta Irati Manzisidor arraunlariak bere kontakizuna argitaratu zuen Arraun Elkartean blogean:

Jarraipena izango duen esperantzan

Hainbeste itxaron ondoren, azkenik iritsi da Kontxako lehenengo emakumezkoen estropadari buruzko irakurketa egiteko garaia. Arraunaren olinpiada deitu izan zaion estropada honetan jokatzea arraunlari guztion ametsa dela esango nuke, eta oraindik sinisten lanak badauzkat ere, aurtengo honetan Zumaia-Getariako 17 neskak ametsa errealitate bihurtzeko aukera izan dugu.

Larunbatari dagokionez, espero ez genuen ezusteko atsegina jaso genuen arraunzaleen aldetik, nik behintzat ez bainuen hainbeste jenderik espero. Aurtengo laugarren estropada zen traineruan, eta jende dezente izan bazen ere, banekien horietan mutilek ere jokatzen zutela, eta beldurra neukan neskok bakarrik arituz gero, gure ingurukoez aparte jenderik hurbilduko ez ote zen. Ordua iristen zihoan heinean, ordea, atzean gelditu ziren nire beldurrak. Izan ere, bertara gerturatu zineten jendeari esker, erronka ari erraz egin genion aurre, eta beraz, orain geuri zegokigun lan txukun bat burutuz eguna borobiltzea.

Tentsio handia zegoen tostakideon artean, eta tentsioa are gehiago handitu zen hainbestetan madarikatu den lehenengo kalea egokitu zitzaigula jakin genuenean; asko entrenatu genuen egun hartarako, eta ez genuen sailkatu gabe gelditu nahi. Itsasoari dagokionez berriz, guk itsaso zakarra nahiago bagenuen ere, ez genuen halakorik espero. Zer zer hura? Beroketak egiten ari ginela pare bat olatu sartu zitzaizkigun barrura, eta geroago bonben bidez gehiena ateratzea lortu bagenuen ere, belaunetarainoko ura izan genuen une batzuetan. Itsasoak indar asko bazuen ere, ez zen zortzi traineru haietan geunden neskon ilusioa gainditzeko gai izan, eta estropadak bere bidea egin zuen.

Lehenengo txandan, espero bezala, Galizia izan zen garaile, eta hark lehenengo kaleari buruzko geure beldurrak murrizteko balio izan zigun. Berehalakoan iritsi ez bazen ere, azkenik uretako epaileak bandera jaitsi eta hasi zen “Esperantzaren” txanda ere. Oso irteera ona egin genuen, eta hasierako momentutik hartu genien aurre beste ontziei. Aurrera egin ahala olatuen indarra gero eta handiagoa zen, eta behin irla pasa ondoren, traineruaren puntan gindoazenok hainbat ipurdiko eder jaso behar izan genituen etengabe zetozen olatuak zirela medio. Geu izan ginen lehenak ziabogan sartzen, eta momentuan ez bagenekien ere, orduarteko denborarik onena egin genuen. Oraindik estropada erdia bakarrik igaro zen, ordea, eta bagenekien bueltan ere lana txukun egin beharra zegoela, itsasoa zegoen bezala egonda ez baitzen bat ere zaila akatsen bat egitea ordu arteko lana haizea hartzera bidaliz. Ez zen halakorik gertatu, ordea; bueltako luzean hartu genituen olatuei esker, eta estropada guztian zehar gure patroi Libanak egindako lan bikainari esker, gainontzeko ontzi guztiei alde handiarekin irabazi genien.

Larunbatekoa izugarrizko garaipena beraz. Baina orduko denborek ez zuten hurrengo egunerako balioko, hura sailkapena baino ez zen izan, eta burua hotz mantendu beharra zegoen, hurrengo egunean zerotik hasi eta geure onena emateko.
Igandeari dagokionez, baldintzak oso bestelakoak ziren: itsasoa asko baretu zen, eta beraz gure aurkariek indar hartu zuten. Bagenekien galiziarrak gu baino indartsuagoak zirela, azken finean selekzioa baitzen, eta bai bateletan eta bai trainerilletan beraiek izan ziren nagusi. Baina hala ere, ez genuen aldez aurretik etsi nahi, eta geure onena ematera irten ginen. Arraunean gozatu nahi genuen, ez baita egunero izaten Kontxako bandera irabazteko lehiatzeko aukerarik.

Estropadari dagokionez, oso estropada ederra izan zen, eta oso gustura gelditu gineln egindako lanarekin. Hala ere, irteeran ez ginen bat ere egoki kokatu, eta aurrenengo luzean galiziarrak eta Astilleroko neskak gugandik nahiko urrun aritu ziren. Bueltako luzean ordea, Astillerorengana dezente hurbildu ginen, eta berauek gure aurretik sartu baziren ere, kantabriar neskak larritzea lortu genuela uste dut. Bestalde, Euskal Herriko onenak izan ginen, hasiera samarretik hasi eta estropada guztian Hondarribiaren aurretik joan ginelako. Galiziak, ordea, estropadaren hasieratik egin zigun ihes, beraien arraunerako indarra erakutsiz. Hori dela eta, merezitako bandera lortu zutela esatea baino ez dagokit. Nire zorion beroenak galiziar selekzioko neskei!
Amaitzeko, asteburu honetako momenturik onena hautatu beharko banu, igandean uretatik arranplara iritsi gineneko momentua aipatu nahiko nuke. Nahiz eta Zumaiako txaranga bikaina faltan bota (eta honekin batera baita Zumaiako Udalaren arratsalderako errezibimendu baten eskaintza ere, Kontxako bandera irabazi ez bagenuen ere, egindako lana saritzeko modukoa izan zelakoan bainago), hura ikaragarria izan zen. Behin baino gehiagotan pentsatu izan nuen zer sentitu behar ote zen arraunlari izan eta trainerua bizkarrean izanda, arranpla hura zeure afizioaren artetik igarotzea, baina inoiz ez nintzen horren gauza handirik imajinatzera iritsi. Izan ere, estropada amaitu eta arranplara iristerako han ziren gure zain Zumaiako zein Getariako afizioa, kuadrilakoak, familiakoak, arroarrak… ikaragarria benetan. Mila esker, bi egun hauetan gurekin egon zareten guzti-guztiei!

Eta honekin bukatu da aurtengo denboraldi luze eta ahaztezina. Arraunaren historian pausu garrantzitsuak ematea lortu dugu, eta orain Esperantzari deskantsatzea tokatzen bazaio ere, istorio hau hasi besterik egin ez denaren eta jarraipena izango duenaren esperantzak ez du etenik izango.
AUPA ZUMAIA-GETARIA!!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide