Erdi Aroko ikuskizunarekin hasiko ditu Txori Txikik aurtengo Inauteriak

Baleike 2016ko urt. 21a, 20:00

Dantza, antzerkia, musika eta historia uztartuko ditu otsailaren 5ean egingo den ikuskizunak. Egun horretarako ekitaldiak prestatzeko tailerrak eta entseguak antolatuko dira.

Azken urte hauetan Txori Txiki Musika eta Dantza Eskola osatzen duten ikasle, irakasle eta gurasoak partaide dituen ikuskizun batekin hasi dira Zumaiako Inauteriak. Aurten ere hala izango da eta aurreko jaialdietan Lantzeko Inauterien, piraten edo Asterix eta Obelixen munduan murgildu badira, oraingo honetan mende dezente atzera egin eta Erdi Arora eramango dute Zumaia.

Otsailaren 5eko iluntzean egingo da aurtenko ikuskizuna eta aurreko urteetan bezala antzerkia, dantza eta musika uztartuko ditu. Aurten herriko historiak ere izango du bere tartea. Euskal ohituren inguruko ikuskizunak antolatu izan ditu Musika Eskolak aurreko urteetan; Lantzeko Inauteriak dira horren adibide. Aurten mende asko egingo da denboran atzera iraganeko euskaldunekin topo egiteko. «Bertako irakaslea den Jon Elizaldek Euskal Herrian Berpizkunde garaian sortutako musikaz osatutako diskoa atera zuen iaz. Disko hori izan da Erdi Aroko ikuskizun hau prestatzeko arrazoia», azaldu digu Sofia Oriak, Txori Txikiko zuzendaritzako kideak.

Kalejira batekin hasiko da ekitaldia. «Ubillos paretik aterako gara 18:45ean. Hasiera bertan antzerki saio txiki bat izango da. Sanjuaniturri aldera egingo dugu eta bidean dauden eraikinen eta haiek egin zituzten familien historia ere kontatuko da bidean zehar». Behin Kofradiara helduta, eta Erriberan barrena, ikuskizuna burutuko den Gurrutxaga plazara helduko dira.

Tailerra eta entseguak

Ekitaldia prestatzeko zenbait tailer burutuko dira. Urtarrilaren 25, 26, 27 eta 28an, eta otsailaren 2 eta 3an, mozorroak prestatzeko jantzi tailerra egingo da Ubillos bertan, 17:30etik 19:30era. Kalejirako entseguak, berriz, otsailaren 1ean eta 4an izango dira, 18:00etatik 18:30era, Torreberrin. Tailerrak, entseguak eta, oro har, ekitaldi osoa herritar guztiei zabalik dagoela azpimarratu du Oriak. «Hori da benetan interesatzen zaiguna, herritarrak partaide izatea».

Partaide gehiago ere izango ditu Erdi Aroan murgilduko gaituen festak, hala nola, kalejiran musika jarriko duen Udal Musika Banda, kartelak eta dekorazio prestatuko duen Ander Hormazuri, antzerkiaren gidoia idatziko duen Inazio Tolosa; Telmo Irureta, Laura Pascual eta Esti Curiel aktoreak, ikuskizunerako bertsoa idatzi duen Jon Maia eta kalejiran ere parte-hartzaile izango den Garikoitz Mendizabal.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide