«Urratsak egin behar dira kirolean ere emakumea ahalduntzeko»

Baleike 2016ko mar. 17a, 19:00

Emakumeek kirolean bizi duten egoeraren azterketa egin du Maider Alberdik, Zumaiako Udala lantzen ari den II. Berdintasun Planaren barruan.

Zumaia Emakume zumaiarrek kirolean bizi duten egoeraren erradiografia zorrotza egin du Maider Alberdik. Oso esanguratsuak diren datuak biltzeaz gain, emakumeen iritziak ere jaso ditu, «zenbakietan agertzen ez diren iritziak eta pertzepzioak garrantzitsuak direlako», azaldu du egileak.

Zenbakiei erreparatuz gero, haurtzaroan neskek eta mutilek berdintsu hartzen dute parte eskola kirolean. Hori bai, neskek kirol nagusietan hartzen dute parte batik bat: futbolean, eskubaloian eta saskibaloian. Parte hartze txikiko kiroletan –pilotan edo piraguismoan– ia ez da neskarik ageri.

Benetako aldeak hurrengo koskan hasten dira, kirol federatuan. Zumaiako kirol lizentzien %27 dira emakumeenak. Eta datuetan gehiago sakonduz gero, nabarmena da adinean aurrera egin ahala emakumeek azkarrago uzten dutela. «Infantil mailan-eta batzutan nesken talde gehiago daude mutilenak baino; baina gero, kadete eta jubeniletatik gora, neska gehienek utzi egiten dute». Zehatzago, 16-18 urtekin uzten dute askok. «Kirola, batik bat, lagunekin ondo pasatzeko espazio bat da neskentzat; 16-18 urte betetzen dituztenean lagunarte horretarako beste aukera eta gune batzuk aurkitzen dituzte eta kirola errazago lagatzen dute», azaldu du Alberdik. Gainera, adin horretan ikasketek pisu handiagoa hartzen dute, eta errendimendu kirolak konpromiso handiagoa eskatzen du adinean gora egin ahala.

Denboraren kudeaketa

Elkarteetako egiturak ere aztertu ditu eta begi bistakoa da hor ere bide luzea dagoela egiteko. Izan ere, herrian dauden 13 kirol elkarteetako zuzendaritzetan %17 baino ez dira emakumeak. Gainera, normalean idazkaritza izaten da haien ardura. Kirol Patronatuaren osaera ere aztertu du. Zuzendaritzan, 11 kidetik bi dira emakumeak (biak ordezkari politikoak). Kiroldegian azpikontratatutako langileen artean berriz, 15 dira emakumeak eta zazpi gizonezkoak.

Astialdiari lotutako kirol jardueran ere aurkitu ditu aldeak. Kiroldegiak antolatzen dituen ikastaroetan emakumeek hartzen dute parte nagusiki (%90); gizonezkoak beraien kasa ibiltzen dira gehiago, gimnasioan batik bat. Baina bada emakumeek gainditu beharreko zailtasun bat, zenbakietan hain nabarmen ikusten ez dena: denboraren kudeaketa. «Oraindik ere gizarte patriarkalak emakumeengan uzten ditu familiako zaintza lanak, eta horrek esfortzu handiagoa suposatzen dio emakumeari beretzat denbora ateratzeko. Oraindik ere urratsak egin behar dira kirolean ere emakumea ahalduntzeko».

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide