Tortura desagerrarazi arte kalean salatzen jarraituko dugu

Zumaian torturaren aurka 2016ko api. 20a, 10:04

"Torturatzaileek ni bertan hiltzea desiratu nuen atxiloketaren hirugarren egunean. Nahiago nuen hil, hor egon baino". Iker Morenoren gazte burlatarraren hitzak dira 2011n. Atzo, bere aita, ama, anaia, eta bost lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, bere tortura kasua salatzeko mural bat egiteagatik. Bai, ondo irakurri duzu, torturaren aurkako mural bat egiteagatik, oinarrizko giza eskubideen defentsa publikoa egiteagatik. Beraiekin elkartasunez, eta Espainiako komisaldegietan torturatu dituzten 43 zumaiarrak ondo gogoan ditugulako, torturaren aurkako aldarria Zumaiako kaleetara ekarri dugu.

Iker Morenorekin batera atxilotu eta torturatu zuten Jon Patxi Arratibel. Bere deklarazio polizialean "aztnugal" idatzita utzi zuen. Laguntza atzekoz aurrera, sufritu zituen torturen "ezkutuko" salaketa. Ondo baitzekien torturak salatzea ez zaiela torturatzaileei gustatzen. Eta are gutxiago gustatuko zitzaien Europako Justiziak Espainia zigortzea, Arratibelen torturak ez ikertzeagatik. Torturatzaileei torturatzaile deitzea gustatzen ez zaienez, mendekuz, atzo atxilotu dituzte Ikerren gertuko familia guztia eta lagunak, bihotzean ankerkeria besterik ez dutenek. Giza eskubideak bermatu eta babestu beharrean, torturatzaileei inpunitatea oparitu eta torturatuak bi aldiz zigortzen ditu Espainiako Estatuak.

Espainiako komisaldegietan tortura praktika sistematikoa izan dela ondo asko daki euskaldun orok. Amnistia Internazionalak, Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak edo Paco Etxeberria forentse ezagunak hori bera berretsi dute behin baino gehiagotan. Eta egun, Euskal Memoria elkarteari esker, ideia horri datuak gehitu zaizkio: 5.022 tortura testigantza baino gehiago egiaztatu dituzte jada, eta 10.000tik gora direla kalkulatzen dute. Horien artean 43 zumaiar daude. 43 zumaiarrek ezagutu dute zer diren poltsa, elektrodoak, bainuontzia, kolpeak, bortxaketak, irainak... baina batez ere, mingarriena ezagutu dute: inpunitatea.

Tortura zigorgabetasunez egitea bermatzen duen sistema oso bat antolatu dute Espainiako Gobernuek azken hamarkadetan. Horren adierazgarria da inkomunikazioa: atxilotua 5 egunez polizien esku uztea, kamararik eta lekukorik gabe, munduarekin inolako harremanik izan gabe. Inkomunikazioa inpunitatea da. Basakeriaren jantzia, torturaren bihotza.

Horregatik behartuta gaude isilarazitako oihu horiek geure egitera. Torturatuen oihuak isilarazten dituzten bitartean, herriko hormek beren oihartzuna izaten jarraituko dute. Baita Zumaian ere. Inork, inoiz, berriz “aztnugal” idatzi behar ez dezan.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide