1937ko otsailaren 13a. Zapatua da. Goizeko zazpiak dira eta euri langarrarekin esnatu da eguna. Zubitxikiaren inguruan dozenaka lagun ari dira elkartzen, gehienak emakumeak eta haurrak. Etxetik ekarri ahal izan dituzten ondasun apurrak eta arropak zakutan dauzkaten bilduta. Erreketeen (Frankoren aldeko boluntarioak) zaintzapean antolatu dituzte: haurrak eta edadetuak “La Guipuzcoana” konpainiako autobusetara; gainontzekoak, kamioitan igoarazi dituzte. Denera, 200 zumaiar inguru. Abiatu orduko, Agur Jesusen Ama hasi dira kantatzen, Arritokietako Ama Birjina gogoan, bihotzak estututa. Ez dakite nora daramatzaten. Ez dakite noiz itzuliko diren. Zumaiatik kanporatu dituzte.
Hurrengo egunean, otsailaren 14an, gauza bera gertatu zen, eta beste 50 zumaiar kanporatu zituzten. Kamioi eta autobusetan sartu eta Ondarroa eta Lekeitio artean dagoen Saltsuarango gainean utzi zituzten; handik oinez egin behar izan zituzten frontearen beste alderainoko bi kilometroak (ikus Erkibe Kultur Elkarteak utzitako argazkiak). Behin Gudarien babesean, Lekeitiora eraman zituzten aurrena, eta ondoren Kortezubiko bainuetxera. Handik pixkanaka sakabanatu egin ziren. Batzuk ez ziren Zumaiara sekula itzuli.
Erkibe Kultur Elkarteak jasotako datuen arabera, guztira 256 dira Zumaiako kanporatuak. Zumaia da, alde handiarekin, kanporatu gehien izan zituen Gipuzkoako herria (Donostian 12, Azkoitian 65, Zarautzen 88, Mutrikun 105…). Senideren bat Errepublikaren aldeko bandoan izatea edo ihes eginda egotea izan ziren agintariek kanporatzeak justifikatzeko erabilitako argudioak.
Nortzuk zeuden agintean?
1936ko irailaren 21ean Frankoren tropak eta matxinatuak Zumaian sartu eta boterea indarrez hartu zutenetik elkarbizitzarako ordena berria inposatu zuten Zumaian. Wenceslao Mayora herriko parrokoa izan zen erregimen berriaren jarraitzaile eta defenditzaile sutsuenetako bat. Udalbatza berria eratu zen karlisten aginduz. Gabriel Vallejo Breton izendatu zuten alkate. Hala ere, denbora gutxiren buruan, lau aldiz aldatu zuten Udalbatza. Kanporaketak gertatu zirenean, Cosme Iraundegi zen alkate, eta ondoko hauek osatzen zuten Udalbatza: Antonio Arrizabalaga, Luis Olaizola, Pedro Uranga, Pedro Apestegi, Juan Jose Zinkunegi, Vicente Larrañaga, Estanislao Etxabe eta Jose Agustin Alberdi.